Laudioko auzo-kontseiluek zikloa estreinatu dute, parte hartzeko formula berriekin

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 6a

Azaroan eta abenduan egingo dira auzo batzarrak. / Laudioko Udala

Udalak auzo-kontseilu guztiak bildu zituen, azaroaren 17tik abenduaren 17ra egingo diren auzo-batzarren ziklo berriari hasiera emateko.

Irailaren 30ean bilera egin zuen Udalak auzo kontseilu guztiekin. Hitzorduaren helburua udalerriaren erronkei buruzko ikuspegi partekatua indartzea eta lan-metodologia berria aurkeztea izan zen.

Aurreikusitako aldaketen artean, nabarmentzekoa da auzoetan aldez aurretik egingo diren ibilaldiak auzo-kontseiluekin batera. Ibilbide horiek aukera emango diote Udalari auzo bakoitzera hurbiltzeko, gorabeherak bertatik bertara ezagutzeko eta “Línea Verde” tresnarekin dokumentatzeko. Horrek erantzun azkarragoak eta eraginkortasun handiagoa emango dizkie eguneroko arazoei. Horrela, batzarrek sakoneko eztabaidetan eta udalerriaren norabidea markatzen duten lehentasun kolektiboetan jarri ahal izango dute arreta.

Iaz 250 herritar inguruk parte hartu zuten auzo-batzarretan, ia 200 proposamen aurkeztuz. Aurten, Udalak 1.200 gorabehera jaso ditu “Linea Verde”-aren bidez. Horietatik ia 1.000 kudeatu dira, eta 50 bakarrik ezetsi behar izan dira. Erantzuteko batez besteko denbora bi hilabete baino gutxiagokoa da gaur egun, tokiko erakundearen hitzetan. 

Auzo-kontseiluak herritarrek parte hartzeko kanal nagusi gisa finkatu dira Laudion, bizilagunek eta Udalak bizitza komunitarioa hobetzeko elkarlanean jarduten duten gune batean. Gauzak horrela, aurten auzo-batzarretan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute lehenago 688 80 01 32 telefonoan, partaidetza@laudio.eus helbide elektronikoan, edo partaidetza atarian.

AUZO-BATZARRAK

• Azaroak 17: Gardea, zentro sozialean
• Azaroak 19: Landa eremua, gela anitzan
• Azaroak 26: Erdigunea, Kasinoan
• Abenduak 1: Latiorro, ikastetxean
• Abenduak 3: Arraño, Kultura etxean
• Abenduak 10: Landaluze, Kultura etxean
• Abenduak 15: Areta, Kultura etxean
• Abenduak 17: Ugarte, elizan

Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide