Maderas de Llodio greba mugagabean

Maderas de Llodioko langileek agerraldia egingo dute astelehenean

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 10a

Astelehenean egingo duten agerraldian emango dute langileek hurrengo urratsen berri. / Aiaraldea.eus

Asanblada egin dute gaur goizean Maderas de Llodioko langileek, akordiorik gabe bukatu den enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epearen ostekoak baloratzeko. Beharginek agerraldia egingo dute astelehenean 11:00etan lantegi atarian, gaur adostutakoaren berri emateko.

Akordiorik gabe bukatu da Garnica taldeak Maderas de Llodio lantegian aplikatu nahi duen enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea. Atzo egin zuten bi aldeek azken bilera Bilbon. Konpainiak, kaleratzeak 39tik 35era jaistea eta langile batzordearen iritziz "onartezinak diren neurri ekonomikoak" jarri zituen mahaigainean, langileen proposamenei entzungor eginez. 

Langileek salatu dute, konpainiak ez duela produkzioa Laudion mantentzeko aukera behin ere aintzat hartu negoziazio prozesuak iraun duen bitartean. Gauzak horrela, Garnicak tematuta jarraitzen du ekoizpenaren %40 eskualdetik kanpo ateratzeko asmoekin. Beharginen iritziz, "plantillarekiko eta eskualdeko etorkizun industrialarekiko konpromiso falta" erakusten du jarrera horrek.

Negoziazioa akordiorik gabe bukatu ostean, Garnicaren esku dago orain kaleratzeen gaineko azken erabakia.

Asanblada eta agerraldia

Maderas de Llodioko langileek asanblada egin dute gaur goizean Laudioko Kultura Etxean, zuzendaritzarekin izandako azken bileraren berri jaso, eta negoziazio prozesuaren ostekoak adosteko. Langileek agerraldia egingo dute datorren astelehenean, urriak 13, goizeko 11:00etan, Laudioko lantegi atarian. Bertan argituko dituzte etapa berri honetarako aurreikusi dituzten urrats eta mobilizazioak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide