Estatu Batuetara jo duzu doktoretza garatzera. Zer da zehazki bertan egiten ari zarena?
Osasun publikoan ari naiz doktoretza egiten. Hiriek osasunean eta gizarte desberdintasunetan duten eragina ikertzen aritzen naiz. Zehazki muturreko tenperaturek hirietako hilkortasunari nola eragiten dion aztertzen dugu. Eta arreta jartzen dugu auzo ezberdinetan osasunerako arriskuak balioestean.
Izan ere, bero-boladek adibidez, ez digute guztiei modu berean eragiten. Populazio eta auzo batzuetan arrisku handiagoa dago ezaugarri fisiko eta sozialengatik.
Kolektibo horiek babesteko baliabideak non jarri behar diren jakitea garrantzitsua da guretzat. Guretzat diot ikerketa ez delako bakarrik egiten, eta hemengo ikerketa talde batean ari naiz parte hartzen eta ikasten.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Hilabetea daramat bakarrik herrialde honetan, beraz oraindik ez dut errutina handirik garatu (barreak). Baina normalean unibertsitatean nago egunean zehar, eta arratsaldeak libre izaten ditut hiria eta bertako jendea ezagutzen jarraitzeko.
Auzo ezberdinak zeharkatuz gauza asko ikusi eta ikasten dira: jendeak zer egiten duen, nola agurtzen duten elkar, zein denda mota dauden, hormetan dauden margoek zer adierazten duten, nola gidatzen den...
Guztiz polarizatutako herrialdea dela diote.
Oraindik gutxi ezagutu dut herrialdea. Jakina eta nabaria da maila federalean hartzen ari diren erabaki askoren kutsu faxista. Baina egia da ere hemengo espazio, talde eta jende ezberdina ezagutuz konturatzen zarela badirela euren eskubideen alde antolatzen direnak, ikuspegi antiarrazista batetik, adibidez.
Auzoan badago pertsona arrazalizatuen kolektibo bat, eta antolatzen dituzte hitzaldiak, elkartzeko espazioak. Orain dela gutxi izan zen poliziaren jarrera arrazisten inguruan hausnartzeko eta ahalduntzeko saio bat. Edo hiriko rokodromo batean langileek antolatzea lortu dute eta lan baldintzak hobetzeko borrokan daude.
Pentsatu nahi dut horrelako beste gehiago egongo direla nik ezagutzen ez ditudanak, nahiz eta elite aberatsen esku egon herrialde honetako erabakigune handi gehienak.
Bestalde, hiri askotan bezala desberdintasun sozialak nabaritzen dira ere. Filadelfian badago, adibidez, biztanleen segregazioa auzo ezberdinen artean. Maila sozioekonomiko baxuko jendea bizi den auzoak askoz txarrago daude zainduta.
Udaletxe parean, eraikin horrek erakusten duen nagusitasunaren aurrean, ikusten dira ere kalean bizi diren pertsonak. Hauek ere badira herrialde honen polarizazioaren edo kontrasteen adibide.
Munduko gatazka askotan pisuzko papera dauka AEBtako gobernuak.
Egunero daude Trumpen gobernuak hartutako erabakien inguruko berriak albistegietan nazioartean eragiten dutenak. Inoiz ez dakizu zerekin esnatuko zaren: Trump eta Netanyahuk aurkeztutako “bake akordio” batekin, edo gobernuak zenbait sektoreko langileei herrialdean sartzeko ezarri nahi dizkien tasen igoerarekin.
Dena den, herrialde barruan ere arlo askotan ezegonkortasuna nabaria da. Unibertsitatean, adibidez, dirulaguntza asko kentzen ari dira ikerketa gai batzuetara bideratzeko (klima aldaketa edo genero desberdintasuna, adibidez).
Azken berrietan jakin da nola gobernu federalak bere funtzio asko eten dituen eta langile publiko askoren soldata kendu. Edota, azken asteetan ere zabaldu da zenbait mugimendu antifaxista talde terroristatzat aitortu izan dituela Trumpen gobernuak agindu bidez.
Dena den, egoera askotan ez dago argi erabaki hauek noraino heldu daitezkeen.
Nola ikusten da bertatik Palestinan, eta bereziki, Gazan gertatzen ari dena?
Ba askotan pentsatzen nuenaren kontra, Palestinaren aldeko keinuak ere badaude hemen. Bi adibide txiki dira bakarrik baina Judaismoaren Historiako Museo Nazionala pintura gorriz zikinduta agertu zen goiz batean, eta unibertsitatean egun ezberdinetan ikasleak egon izan dira Palestinaren aldeko pegatak eta materiala saltzen.
Dena den Israeleko banderak daude leiho batzuetan (auzo batzuetan beste batzuetan baino gehiago), eta hiri handia izanda ez dut jakin azken gertakarien harira (Global Summud Flotillari erasoa) mobilizaziorik deitu denik.
Baduzu gehitzeko anekdotarik?
Ez dira anekdotak, baina bai pentsarazi didaten hainbat kontu: Ikusi ditudan kale eta unibertsitateko garbitzaile guztiak gizon beltzak izatea kasualitatea da edo ez? Nola demontre daude hainbeste urtxintxa hiri erdian? Eta zergatik birziklatzeko kontenedoretan papera eta plastikoa ez dituzte bereizten?