Pilar Isusi omendu du Cosecha del 48 elkarteak, eskualdeko lehen unitate psikiatrikoaren arduraduna izan zelako

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 16a

Kultura etxeko Arraño Gela gainezka egon da neuropsikiatra beteranoa omentzeko.

Jende ugari batu da gaur 13:00etan Laudioko Kultura etxeko Arraño gelan Pilar Isusi laudioarraren ibilbidea aitortzeko. Izan ere, Laudion egondako lehen unitate psikiatrikoaren arduraduna izan zen bera eta milaka lagun artatu zituen. Cosecha del 48ko kideek aipatu dutenez, "herriko biztanleriaren %20 igaro zen handik behar eta premia handia zegoen garai hartan".

Izan ere, urte horietan herria hazten ari zen eta alkoholismo, heroinomania eta hainbat arazo zeuden eskualdean; eta horregatik, taldearen aburuz, "esker ona zor zaio".

Elkarteak azpimarratu du Isusi aitzindaria izan zela Araban neuropsikiatriaren esparruan eta oso presente izan dituela beti indarkeria matxista jasan behar izan zuten emakumezkoak.

Laudio, Basauri, Madril, Suitza

Pilar Isusi Laudion jaio zen eta Goikoplazan bizi izan zen zortzi urte bete arte. Umea izanik bere aita zendu zen eta bere familia Basaurira joan zen, bere amonaren etxera, baina ez zuen inoiz harremana galdu herriarekin.

Ikasle ona izanik, Valladolidera jo zuen medikuntza ikasteko sei urtez eta gero Madrilen jarraitu zen trebatzen. Francisco Franco ospitalean aritu zen boluntario gisa (egun Gregorio Marañón izendatutakoa) goizez, eta arratsaldez klinika pribatu batean egin zuen lan.

Bere irakasle batek sustatuta, Suitzan ikasi zuen neuropsikiatria eta gero Euskal Herrira itzuli zen, non bere promozioko lehenengoa izan zen eta Laudion lehen unitate psikiatrikoa ireki zuen. Zerbitzuak eskualde osoari eskaintzen zion arreta.

Cosecha del 48k nabarmendu ditu bere lan eraginkorra eta bokazio handia, maitasun behar handiena zuten herritarrak babesteko baliatu zituenak.

Pilar Isusik hitzartze oso txikia egin du. Aipatu du Laudio beti eraman duela bihotzean eta "Gora Euskadi eta Viva España" esanda amaitu du. Elkartu den jendetzaren artean esparru politikoko sektore ugariko ordezkariak izan dira: Maite Cortazar EAJko zinegotzia, Pablo Gorostiaga HB eta Batasunako Laudioko alkatea edota Carlos Urquijo, PPko Espainiako Gobernu Ordezkaria izandakoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide