Urriaren 11 eta 12an hasi zen Tokiko Sari Nagusiaren LX. edizioa, Ruperto Urkijo Bolatoki Klubaren eskutik. Urteroko harrera beroa izan zuen ekimenak, 45 parte hartzaile bildu baititu.
Larunbat honetan egingo dituzte hurrengo jaurtiketak Laudioko San Roke Bolatokian, 11:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 19:30etara, eta urriaren 25 eta 26an batuko dira berriz.
Finala, aldiz, abenduaren 13rako hitzartu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi sailkapen ditu txapelketa, banakakoa eta binakakoa. “Lehenengo hiru asteetan, San Rokeko bi bolatokietan egiten dira jaurtiketak, eta 16 norbanako eta 8 bikote onenak igarotzen dira hurrengo fasera. Bigarren fasean buruz buruzko lehiak ematen dira, azaroan jokatzen direnak, eta finalak abenduan egiten dira”, adierazi dute.
Klubeko kideek nabarmendu dutenez, honakoa da eskualdean egiten den bolo txapelketa garrantzitsuenetako bat, “historikoenetako bat” delako eta “Arabako eta Bizkaiko jokalariak” batzen dituelako.
