Maderas de Llodioko beharginek garaipen txiki bat izan dute gaur mobilizazioari esker. Izan ere, duela astebete harremanetan jarri ziren Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilera eskatzeko eta atzo jakinarazi zieten hilabete amaieran egiteko asmoa zutela.
Gaur grebalariek Bilbora jo dute, Bizkaia plazara, eta SPRIren egoitzaren aurrean egin dute protesta. Mobilizazioa amaitzear zegoela, sindikatuek azaldu dute mobilizazioa egiten ari ziren bitartean Jaurlaritzak mezua bidali die bilera egiteko hurrengo astean.
Kontzentrazioak iraun bitartean, langileek zerrautsa bota dute eraikinaren sarreran, erakunde publikoen inplikazio falta salatzeko.
Bihar mobilizazio gehiago
Edonola ere, kaleratze eta deslokalizazio arriskuan dagoen lantegiko beharginen mobilizazioek bihar jarraituko dute 11:30ean fabrikako sarreran eta 12:00etan Alberto Acero plazan.
Argazkiak: Maderas de Llodioko grebalariak