Maderas de Llodio greba mugagabean

Aldundiaren bulegoak okupatu dituzte Maderas de Llodioko langileek, instituzioen inplikazioa exijitzeko

Erredakzioa 2025eko urriaren 17a

Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agenteak bertaratu dira bulegoetara eta Mozal Legea erabiltzearekin mehatxatu dituzte beharginak. Eskualdeko mobilizazioa deitu dute datorren asteko ostiralerako grebalariek. 

Arabako Foru Aldundiak Laudion dituen bulegoetara sartu dira Maderas de Llodioko langileak gaur eguerdian, lantegitik herrigunera egin duten mobilizazioaren ostean. Grebalariek zerrautsa bota dute bulegoetako ateetan, eta dozenaka lagun sartu dira barrura. Gainontzeko manifestariak, aldiz, atarian pilatu dira, errepidea denbora tarte batez moztuz. 

Ertzaintza bertaratu da eta Mozal Legearekin mehatxatu ditu beharginak. Horrez gain, bulegoetatik ateratzen ez baziren, guztiak identifikatu eta auzipetu ahalko zituztela ere aipatu diete, “Aldundiko beharginak hertsatzeagatik”.

Gauzak hala, bulegoetatik ateratzea erabaki dute beharginek azken unean, jendearen txaloen artean, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko agenteak lokalean sartzear zeudenean. 

Ekintza honen bidez, erakunde publikoen “utzikeria eta inplikazio eza” jarri nahi izan dituzte mahai gainean. “Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia behin eta berriro entzun dugu Aiaraldeko etorkizun industrialaz hitz egiten, baina hemen enpleguak suntsitzen jarraitzen dute, Foru Gobernuak beste alde batera begiratzen duen bitartean”, salatu dute.

Gauzak hala, “berehalako neurriak” hartzea exijitu diete bai Aldundiari eta baita Jaurlaritzari ere, “Aiaraldeko enplegu suntsiketa etengabearen aurrean”. 

Eskualdeko mobilizazioa datorren ostiralean

Herritarrei, aldiz, “borrokan jarraitzeko mezua” luzatu nahi izan diete, eta iragarri dute eskualdeko mobilizazioa egingo dutela hemendik astebetera, urriaren 24an, 18:30ean Eroskiko biribilgunetik hasita. 

Maderas de Llodioko langileek 28 egun bete dituzte gaur greba mugagabean, Garnicak Laudioko lantegian ezarri nahi duen Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka.

Iragan astean amaitu zen espedientearen kontsulta epea, aldaketa nabarmenik gabe: Garnicak 39tik 35ra jaitsi du kaleratu nahi duen langileen kopurua, baina ekoizpenaren %40a kanporatzea bere horretan mantenduta. Langileen aburuz, bost alternatiba aurkeztu zaizkio zuzendaritzari, baina honek “entzungor” egin die aukera horiei guztiei. 

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide