Josu Ortiz Delgado musikari eta konpositore laudioarrak Abesbatzentzako XXIX. Konposizio Txapelketako bigarren postua eskuratu du. Durangoko eta Erandioko musika banden zuzendariak pozik jaso du albistea, 2022ko edizioa irabazi baitzuen, baina hirugarren postua ere lortu du. "Lehenengo sailkatuen artean falta zitzaidana eskuratu dut, bigarrena", aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Bere lanaren izena Itxaropenaren haizea izan da. Aiaraldearrak azpimarratu du nazioarteko lehiaketa dela Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatzen duena: "Abesbatzentzako konposizioa sustatzeko asmoz egiten dute, Euskal Herrian tradizio handia baitaukate abesbatzek, eta nazioarteko izaera dauka. Aurten hamalau lan aurkeztu dituzte".
Otsailaren 28an entzuteko aukera
Laudioarrak azaldu du sortu duen pieza berria entzuteko beta egongo dela Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan otsailaren 28an, irabazlearen lanarekin batera.
Ortiz Delgadok gaineratu du Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin harreman ona duela eta behin epaimahaian parte hartu zuela. "Gustatuko litzaidake errepikatzea eta, bide batez, urte horretan ez nuke ezer sortu beharko lehiaketarako", aipatu du umoretsu musikari eta konpositoreak.
Urrian 17an albistea
Sortzaileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari bigarren postuaren berri jaso zuela urriaren 17an eta egun horretan, hain zuzen, Fireworks and Pyrotechnics estreinatzen ari zela berriro. Lan horrek Bilboko Aste Nagusiko suzirietan dauka inspirazioa.
Berez, Bilboko Udal Musika Bandak jo zuen lana kontserbatorioan. Nicolas Serranok zuzendu zuen, bera izan baitzen Bilbao Musikako zuzendaritza lehiaketaren irabazlea.
Ortiz Delgadok erantsi du SGAEk pizgarria eman diola lan hori egiteagatik: "Sari ekonomikoa da, urtero banatzen dutena, baina benetako aitortza izan da nire izena ikustea zerrendetan betidanik mirestu izan ditudan konpositoreen artean. Hori ohore hutsa izan da. Dirua ondo dago, jakina, baina garrantzitsuagoa izan da bestea".