Geroz eta gertuago dago Gau Beltza, eskualdeko haur eta gaztetxoen artean ilusioz esperotako hitzordua. Laudion, euskal ospakizun tradizionala berreskuratu eta urriaren 31ko arratsalderako egitaraua prestatzeko hainbat eragile elkartu dira: Aiaraldea Ekintzen Faktoria-Kokoriko, Basalarrina, Kirikino aisialdi taldea, Lamuza eskolako guraso elkartea, Latiorro ikastetxeko guraso elkartea, Laudio Ikastola eta Sorginlarren.
Antolatzaileek adierazi dutenez, hainbat dira gure herrian urteetan zehar mantendu diren jai eta errituak; baina, bestalde, galdu izan dira beste hainbat, eta ahanzturan gelditu. "Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean" elkartu dira herriko elkarte zein ikastetxeak, "Gau Beltza jai herrikoi bihurtzeko asmoz".
Gainera, dibertitze hutsaz harago beste hainbat onura dute jai eta ospakizunek, antolatzaileen irudiko: "Egunerokotasunarekin apurtu eta ohiturak berreskuratzeko zein egunerokotasunera moldatzeko aukera ematen digute. Sarean, euskara ardatz, antolatuta, gainera, komunitatea indartzeko eta jendartean gehiago eragiteko aukera ere ematen dute".
Bide horretan, eta haur zein gazteentzat erakargarriak diren hainbat elementu —beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak…— biltzen dituen eguna dela kontuan hartuta, ekintza ugari prestatu dituzte urriaren 31ko arratsalderako:
- 18:00-19:30 // Beldurrezko txokoak: ginkana, makillajea, eskulanak, kondaira. Lamuza parkean. Eguraldi txarra egitekotan Aldai Plazan.
- 19:30 // Beldurrezko kalejira Lamuza parketik Herriko Plazara
- Jarraian // Dantzaldia, neguari ongi etorria emateko, Ikastolako dantza taldearen eskutik.
- Segidan // Txokolatada. Kalejiran parte hartzen dutenek eta dantzariek lehentasuna izango dute.
- Bukatzeko // Ximenarekin musika emanaldia eta Ikastolako “IkaSahara” ikasle taldeak antolatuta, elkartasun txosna jana eta edanarekin.
Egun horretan euskal mozorro tradizionala janztea sarituko dela aurreratu dute antolatzaileek.