Australian jaiotakoa zaren arren, harreman oso estua duzu Laudiorekin.
Australiara joandako euskaldunen ondorengoa naiz ni. Laudiorekin dudan harreman estua aitari zor diot. Nire aita, Josetxu Larrazabal, Diman jaioa bazen ere Aretan bizi izan zen urte luzez. Aretan ditut izeko-osaba eta lehengusuak.
Aitak auto-istripu larria izan zuen 1962an. Haurdun zegoen bere orduko emaztea eta nire amona hil ziren bertan. Aitak hilabete asko eman zituen ospitalean. Horren ostean kanpora ateratzeko beharra ikusi zuen, eta lagun mina zuen Nandi Atxaren aitarekin batera Australiara joan ziren. Laguna itzuli egin zen, baina aitak Australian ekin zion bizitza berriari. Ez zuen diru askorik. Ebanista zen Euskal Herrian, baina Australian, besteak beste, zentral hidroelektriko batean aritu zen denbora batez. Gitarra jotzen ere ateratzen zituen sosak. Azukre-kanabera mozteko sasoian Queenslandera jo zuen, Ingham herrira, bertan ezagutu zuen nire ama.
Zure ama Australian jaio zen, baina hark ere bazituen sustari euskaldunak.
Mendiolea familia Aulestikoa da. Aitxitxe eta amuma 1924an joan ziren seme-alabekin Australiara, eta bertan jaio zen nire ama. Garai hartan tuberkulosi kasu asko zeuden Aulesti inguruan, nire amuma gaixorik zegoen eta klima epelago batera joatea gomendatu zion medikuak. Espainiako hegoaldera joan zitezkeen ere, baina pixkat urrunago joatea erabaki zuten (barreak).
Aurretik Hego Amerikan meatzari lanak eginak zituen aittittek, eta Australian ere ogibide berdinean jarduteko asmoz joan zen, familiak zuen urre guztia salduta.
Behin Australian, herrialdearen erdialdean zegoen meategi batera joateko trena hartzear zirela, euskaldun batzuekin egin zuten topo geltokian. “Nola joango zara familiarekin bertara”, esan zioten aitxitxeri; bertan ez omen zegoen ezer ez. Nora jo zezaketen galdetu zuen aittittek eta iparraldera joateko gomendioa eman zioten. Antza iparraldean bazen euskal komunitate bat, Ingham deituriko herri batean. eta erraz lor zezakeen lana azukre-kanabera mozten. Azukre-kanabera zer zen ere ez zekien, baina bertara joatea erabaki zuten. Denboraren poderioz azukre-kanabera ekoizteko etxalde propioa eraiki zuten Inghamen.
Euskaldun asko elkartu ziren Australia iparraldean?
Amona Teresak, euskaldun asko jaso zituen mendioleatarren etxaldean. Amonak txertela pagatzen zien lan bila Australiara etorri nahi zutenei, eta lana eskaintzen zien auzkre-kanabera mozten. Langileei emandako lehenego ordainsaria etxera bidaltzeko eskatzen zien amonak, ondo jaten ari zirela zioen eskutitzarekin batera, Euskal Herriko amak kezaktu ez zitezen. Australiako Parlamentuaren aitortza jaso zuen Amona Teresak, seiehun euskal migrante baino gehiagori harrera egiteagatik.
Queensland iparraldeko euskaldunak biltzeko klub bat sortu zuten bere garaian eta gaur egun ere funtzionatzen du. Hilabetean behin ehun lagun inguru elkartzen gara. Euskal Etxeko kantu taldea berreskuratu nahi dugu orain, baina euskal abesti tradizionalen partiturak behar ditugu.
Euskara mantendu zuten?
Mendioleatarren etxean euskara hitz egiten zen soilik. Nire amak lehenago ikasi zuen euskara ingelesa baino. Lekitxoko euskara zeukan berak. Anai-arrebok, ordea, ez genuen euskara jaso. Nire arreba nagusiak zertxobait akaso, baina ez asko.
Garrantzitsua da sustraiak mantentzea.
Erabat. Zentzu horretan Euskal Etxea oso garrantzitsua da guretzat, elkartzeko eta Euskal herriari buruz hitz egiteko aukera eskaintzen digu. Aitak eta amak ere lan handia egin zuten. Ez zuten nahi gu Euskal Herrikoak ginela ahazterik. Oso garrantzitsua zen haientzat euskaldun ginela jakitea. Uneoro ari ginen horretaz hitz egiten. Guk ez dugu inoiz galdu Euskal Herriarekin harremana. Nire alaba nagusiari orain piztu zaio jakinmina. Ez da oraindik hemen izan baina etorriko da.
Askotan izan zara Euskal Herrian?
Etxean bezala sentitzen naiz hemen. Askotan etorri naiz bai, eta askoz gehiagotan etorriko naiz.