SOSLAIA

Anton Meneses: barraren bestaldean zegoen tabernaria baino gehiago

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 24a

Anton Meneses Becerra./ M. M.

Pasa den astean zendu zen Anton Meneses Becerra, ia bizi osoan Laudioko ostalaritzan lan egin duen herritarra, azken urteetan Odeibar tabernan.

Pasa den astean hil zen Anton Meneses Becerra, erretiroa hartzeko atarian. Aretar harroa, oso gazte hasi zen tabernetan lanean. Garaiko ohitura jarraiki, hamazortzi urte bete baino lehen: "Laurin ekin zion bolada luze batez, gero Basajaun-en egon zen eta beranduago Gorka tabernan, ireki zutenean", oroitu du bere anaiak, Ramonek.

Adinez nagusi izan bezain pronto, zerbitzu militarra egitera joan zen eta itzultzean Gozo Toki taberna hartu zuen. Establezimendu horretan bere familia osoak egin zuen lan, prestatzen zituzten rabak oso famatuak baitziren.

Etapa hori amaituta, Eroskiko kafetegia kudeatzeari ekin zion hamar urtez baino gehiago eta bere bizitzaren azken urteak -hamabost baino gehiago- Odeibar garagardotegian eman ditu.

Urte horietan guztietan Laudioko zein eskualdeko milaka herritar izan ditu bezero gisa eta Aiaraldeko ostalaritzako aurpegi ezaguna izan da. Lan egiteko eraren aldetik, bere anaiak azpimarratu du hitz egitea gogoko zuela modu bakegilean. "Eztabaidatzea beharrezkoa bazen, eztabaidatzen zuen, baina beti adostasuna bilatzen". 

Margotzea pasio

Anton Meneses familia gizona zen, nagusiki, baina sorkuntza ere bazuen ardatz. Hain zuzen, margotzea gogoko zuenez, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen.

Zaletasun hori praktikatzeko, Laudion Kultura Etxean sortu zen taldean parte hartzen zuen. Iñaki Mendibilek gogoratu duenez, "Diktadura amaitu zenean, Floro Urkijo hasi zen irakasten Kultura Etxean". Gero taldea Udalaren lokal batera pasa zen eta Anton zenez trebakuntza akademikoa zuen kide bakarra, bere gain erori zen taldea kudeatzea. "Ezagutza eta esperientzia zuen, ondorioz, zuzendari eta irakasle ardurak hartu zituen", aipatu du Mendibilek.

Irakasle gisa, Mendibilek azaldu du, modu umoretsuan, beti ezin izan zuela bere helburua bete: "Taldean batzuok ikasteko gogoak genituen, baina ez guztiok. Batzuk konformatzen dira dakiten apurrarekin eta berak jakintza tekniko handia zuen. Saiatzen zer irakasten, baina berarentzat dena oso erraza zen eta besteontzat ez. Hori bai, saiakera egiten zuen. Adibidez, behin baino gehiagotan proposatu zigun Gasteizera joatea, bere irakasleekin harremana mantentzen baitzuen eta aukera zuen antolatzeko klaseren bat arratsaldez. Soilik pare bat kidek nahi genuen".

Mendibilen aburuz, Anton Menesesek beste ikuspegi bat zuen margotzean: "Jakintza teknikoak zituen eta bere estiloa inpresionistagoa zen. Gainera, teknika ugarirekin moldatzen zen eta ikertzea eta esperimentatzea gustuko zuen".

Bere koadroak ikusteko aukera ugari egon dira herrian, margolari elkarteak erakusketa anitz antolatu baititu Laudion. Halaber, bere kabuz Amurrion edota Gasteizen erakutsi ditu bere lanak Menesesek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide