Desgaitasun Fisikoa duten Arabako pertsonen elkartea da Eginaren Eginez, eta aurrerantzean Aiaraldeko biztanleei aurrez aurreko arreta eskainiko dien bulegoa ireki berri dute eskualdean.
“Aniztasun funtzionala dugun pertsonen eskubideen defentsa da elkartearen jardun nagusia, betiere jarduteko modu propositibo eta eraikitzailean”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Noelia Da Costa Reviriego elkarteko gizarte langileak.
“Desgaitasun fiskoa duten pertsonek eguneroko bizitzan aurrera egiteko topatzen ditugun oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzen dugu, inklusioa eta autonomia sustatuz”, aldarrikatu du Da Costak.
Arreta presentziala
Irailean zabaldu zituen ateak Eginaren Eginez elkartearen bulegoak Laudion, Ardantzazar Gizarte Etxean, Ardantzazar kaleko 6. zenbakian. 2009an APEFE elkarteak (Aiarako Pertsona Ezindu Fisikoen Elkartea) utzitako hutsunea betetzera dator bulego berria.
Eginaren Eginaz elkarteak hartu zuen APEFEren lekukoa, azken horren disoluzioaren ondotik. Orain eskualdeko pertsonei zuzendutako arreta presentziala berreskuratu dute ere.
2009an APEFE elkarteak (Aiarako Pertsona Ezindu Fisikoen Elkartea) utzitako hutsunea betetzera dator bulego berria.
Aurrerantzean teknikari bat arduratuko da Aiaraldeko aniztasun funtzionala duten pertsonen eta euren familien eskakizunei erantzuteaz. Bulegoak eskura dauden baliabideei, eskubideei eta zerbitzuei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu. Arreta presentziala aurretiazko hitzordua eskatuta emango da, asteazkenero 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Eginaren Eginez elkarteak Araba mailako jarduna duela aldarrikatu du Da Costak, eta bide horretan ezinbestekotzat jo du Laudioko bulegoaren irekiera.
Erakundeekin elkarlana
Laudioko bulegoari esker tokiko-erakundeekin harremanak estutzeko aukera izatea espero du ere Noelia Da Costak. Instituzioekin lankidetzak “aukera-berdintasunaren, irisgarritasunaren eta erabateko gizarteratzearen alde lan egiteko konpromisoa” indartzen duela uste du elkarteko gizarte langileak.
Alor horretan erakundeen inplikazioa eta laguntza galdegin dituzte Eginaren Eginez elkartetik: “Tokiko-gobernuen babesa ezinbestekoa da gure jarduna aurrera eraman ahal izateko”.