Ainize Gastaka Laudioko alkateak segurtasuna izan zuen hizpide pasa den astean Azalera magazinean eta ez zuen eztabaida ekidin. Udalburuak onartu zuen gai horrekiko kezka heldu dela tokiko erakundera, baina azpimarratu zuen Laudio herri segurua dela: "EAEko delinkuentzia tasaren batezbestetik behera dago herria, baina horrek ez du esan nahi ezer gertatzen ez denik. Kasu konkretu honetan, lapurreta bolada bat egoten ari da. Ez da lehenego aldia, aurretik ere gertatu direla halakoak. Kasu hauetan, ulergarria eta normala da segurtasunaren pertzepzioa aldatzea. Hala ere, ulertu behar dugu lapurreta bolada batek ez duela herriaren segurtasuna jokoan jartzen. Laudiok jarraitzen du segurua izaten".
Erakundeen elkarlana
Egoerari nola egiten ari dioten aurre ere azaldu zuen gobernuburuak: "Erakundeen artean harremanetan gaude hau konpontzeko. Ulertzen dugu gure ardura erakundeetan hori dela eta lanean ari gara".
Halaber, Gastakak beste arrisku bat nabarmendu nahi izan zuen: "Hausnarketa bat egin behar dugu, oso garrantzitsua dena. Segurtasunaren gaia mahai gainean jartzea oso interesgarria eta egokia da, baita lapurreta boladari buruz hitz egitea ere. Baina hori ezberdindu behar da iruzkin eta jarrera arrazistetatik. Jarrera arrazistek ere ekartzen dute arriskua eta ere dira kaltegarriak herriarentzat".
Beste hainbat gai ere jorratu zituen Gastakak elkarrizketan. Hemen ikusi daiteke solasaldi osoa: