Maderas de Llodioko grebalarien aldeko adierazpen instituzionala onartu du Laudioko Udalak

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 28a

Atzoko udalbatzaren irudi bat./ Aiaraldea

Dozenaka grebalari agertu ziren atzo Laudioko udalbatzan eta akordioaren berri eman zuen alkateak.

Atzo 38 greba egun bete zituzten Maderas de Llodioko langileek eta Laudioko udal osoko bilkurara jo zuten 18:00etan. Dozenaka beharginek hartu zuten tokia udal aretoan eta Ainize Gastaka alkateak jakinarazi zien alderdi guztiek adierazpen instituzionala onartuko zutela euren alde bilkura amaitu bezain laster.

Berez, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen udalbatzan eztabaidatzeko, baina talde politiko guztiek adostu zuten erakunde adierazpena egitea. Alkateak testuaren zirriborroa partekatu zuen grebalariekin. Ideia nagusiak izan ziren 35 beharginen kaleratzea eta ekoizpenaren %40aren deslokalizazioa salatzea, Garnica taldeari arduraz jokatzeko exijitzea eta instituzioei eskatzea ahal beste egitea enplegu suntsipena ekiditeko.

Langileen ahotsa

Maderas de Llodioko grebalariek eurek ere hitza hartu zuten ondoren eta 38. greba egunean azpimarratu zuten bost proposamen errealista ezberdin aurkeztu dizkiotela Garnica taldeari eta bere arduradunek ez dituztela aintzat hartu. 

Halaber, informazioa ezkutatzea eta kaleratuak modu txarrean tratatzea leporatu diote enpresari: "35 kaleratuek kalte-ordaina jaso dute kontu korrontean kaleratze eskutitza izan baino lehen".

Bide batez, grebalariek iragarri zuten borrokan jarraitzeko asmoa dutela, produkzioaren %40 kenduta, lantegi osoa baitago arriskuan. Mehatxua txikia ez dela ere azpimarratu zuten, Aiaraldeko etorkizun industriala baita jokoan dagoena, bai Maderas de Llodioko langileentzat zein tokiko egur ekoizleentzat.

Azkenik, gogoratu zuten azken asteetan hainbat aldiz aldarrikatu dutena, hau da, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez dela nahikoa izan kaleratzeei aurre egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide