Bihar arratsaldean helduko da Arte Hartze Zikloaren laugarren hitzordua, Faktorian izango da arratsaldeko 18:00etan hasita. Bi emanaldiek gurasotasunari egingo diote aitortza, forma zeharo ezberdinetan bada ere.
Hain zuzen ere, Beñat Iturriozek zuzendutako Enarak film-dokumentala proiektatuko da, eta Mikel eta Oihana Vesga dantzarien Elkarrizketan emanaldiaz gozatzeko aukera ere egongo da. Artistekin solasaldia egongo da ostean, Arte Hartze Zikloko gainontzeko ekitaldietan bezalaxe.
Enarak, desagerpenaren urratsen atzetik
1967. urtean sortu zuten hainbat gazte seminaristek Enarak taldea, rocka euskaraz kantatzeko asmoz. Ehunka kontzertu jo zituzten, baina Larraitzen 1971n eskainitako azkenaren ostean, modu misteriotsuan desagertu ziren, betiko.
50 urte geroago, taldeko abeslariaren semea bilaketa xelebre batean hasi zen taldearen arrastoen atzetik. Bilaketaren emaitzak biltzen ditu filmak.
Vesga aita-alabak elkarrizketan
Bestalde, solasaldi dantzatua da Oihana eta Mikel Vesgak Elkarrizketan / a common place lanean taularatuko dutena. Bertan, egunerokoan partekatzen dituzten espazio eta uneetatik kanpo elkartzea bilatzen dute.
Elkarrekin bizitakoa zeharkatzen du koreografiak, eta hainbat dira azaleratzen diren gaiak: oreka, entzumena, jolasa, babesa eta ondarea, besteak beste.
