CD Laudiok 8 eurotan eskainiko ditu eskualdeko derbiaren eta Athletic Bren aurkako partidaren sarrerak

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 8a

Duela astebeteko derbia. / CD Laudio

Bihar izango dira bi norgehiagokak, 16:00etan eta 18:30ean, hurrenez hurren.

CD Laudiok jakinarazi du igandean sarreren politika berezia egongo dela indarrean Ellakurin. Izan ere, 16:00etan Amurrio Clubaren kontrako Aiaraldeko derbia jokatuko du lehen taldeak, baina horrez gain, 18:30ean estatuko kategorian jokatzen duen gazte taldeak Athletic Brekin neurtuko ditu indarrak.

Berez, futbol klubak azaldu du partida bakarra zein biak ikusteak prezio bera izango duela: zortzi euro. Izan ere, Athletic Bren bisita hitzordu berezitzat jo dute. Edonola ere, adingabeek doan sartzeko aukera izango dute, leihatiletan txartela eskatuta.

Zuzendaritzaren gomendioa da aldez aurretik joatea kirol azpiegiturara, jendetza ez pilatzeko.

Bigarren derbia aste bakarrean

Berez, astebete eskasean CD Laudiok eta Amurrio Clubak jokatuko duten bigarren partida izango da biharkoa. Aurreko igandean Arabako Kopako kanporaketan lehiatu ziren eta amurrioarrek garaipena lortu zuten, 1-3 irabazita.

Erraldoiekin lehian

Gazte kategoriako CD Laudiok, bere aldetik, ibilbide positiboa eta gorabeheratsua izan du estatu mailan. Hiru partida galdu ditu Real Sociedad B, SD Eibar B eta Hernaniren kontra, baina Arratia, Tolosa eta FC Santutxu B menderatu ditu. Barakaldoren aurka, aldiz, berdinketa lortu zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide