Latiorro Eskolako zuzendaritzak azaldu du atezain lanpostuan hutsunea duela eta Laudioko Udalari eskatu diola konponbidea bilatzeko. Izan ere, duela urtebete hasi ziren arazoak plaza duen beharginak baja hartu zuenean.
Geroztik langileak izan dituzte tarteka, baina baita hutsuneak ere. Esaterako, lan-poltsa batetik etorritako behargin batek uko egin zion postuari, mantenu lanak ere badituelako, eta ez soilik atezainaren betebeharrak.
Une hauetan duela hilabete ez dutela postuan inor eta horrek eragozpenak sortzen ditu eskolan.
Oztopoak ohiko funtzionamenduan
Zuzendaritzak Aiaraldea Komunikabideari argitu dionez, atezainaren gabeziak lan zama handia ekartzen du: "Ez da soilik ate nagusia ireki eta ixtea. Geletako eta eraikinetako ateen ardura hartu beharra dago, pertsianak itxi... Horrez gain, mantenu lanak ere postu horren eginkizunen barruan daude. Adarrak erortzen direnean kendu behar dira eta matxurak konpondu. Matxura handiak daudenean, Udalak bideratzen ditu, baina txikiak pilatzen joaten dira. Horrez gain, obrak daude eskolan".
Gauzak horrela, zuzendaritzako kideek aipatu dute konponbidea behar dutela ahalik eta lasterren eta ez dutela mobilizazioaren bidea baztertzen. Edonola ere, malgutasuna ere adierazi dute: "Udal brigadako langileak bidali dituztenean euren ordutegia bete dute, hau da, 07:00etatik 15:00ak arte, eta arratsaldea gure esku geratu da. Ez bada aukerarik onena ere, prest gaude moldatzeko behin-behinean".