Maderas de Llodio greba mugagabean

Bileratik altxatu da Maderas de Llodioko zuzendaritza, langileen eskakizunei "ezezko borobila" emanda

Txabi Alvarado Bañares 2025eko azaroaren 12a

Greba mugagabean eta mobilizazioekin jarraitzen dute Maderas de Llodioko langileek. / Aiaraldea.eus

Astelehenean bilera egingo dute langileen ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Industria sailarekin Laudioko Udaletxean. 

Modu gorabeheratsuan amaitu da gaur Maderas de Llodioko langileen ordezkariek zuzendaritzarekin izandako bilera. Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, Garnica multinazionalaren ordezkaria mahaitik altxatu da bileraren erdian, beharginen proposamenei "ezezko borobila" eman ostean. 

Atzo egin zuten langileen asanblada, eta bertan zehaztutako lau puntuak eraman dituzte gaurko bilerara:

  • Enplegua Erregulatzeko Espedientea kentzea. 
  • Derrigorrezko kaleratzerik ez egotea.
  • Ekoizpena mantentzea.
  • Enplegua mantentzea. 

Baina, salatu dutenez, enpresak ez die baiezkorik eman puntu horietako bati ere ez, eta honako kontraproposamen hau egin du:

  • Enplegua Erregulatzeko Espedientea ez kentzea.
  • 19 kaleratuetatik produkzioko 17ri ea bueltatu nahi duten galdetzea eta, hala izatekotan, berronartzea, "boluntario berrien" trukean.
  • Lan-karga nahikoa bideratzea geratuko liratekeen langileek lana izateko. 
  • 2026an kaleratze gehiagorik ez egitea eta, ekoizpena jaitsiko balitz, aldi baterako espedientea ezartzea. 
  • Greba mugagabea bertan behera berehala uztea. 

Enpresa batzordetik zehaztasun gehiago eskatu diete konpainiako ordezkariei, baina hauek uko egin diote horri. Proposamena hurrengo bilerara idatziz ekartzea ere exijitu dute beharginek eta, nabarmendu dutenez, une horretan altxatu da zuzendaritzako kidea negoziazio mahaitik. Gauzak hala, "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu diote sindikatuek enpresari. 

Bilera Jaurlaritzarekin astelehenean

Maderas de Llodioko langileek 54 egun bete dituzte gaur greba mugagabean, eta mobilizazioekin jarraitzen dute. Datorren astelehenean Herriko plazan bilduko dira 15:30ean. Izan ere, Enpresa Batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilduko dira ordu horretan Udaletxean.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide