Kultur sorkuntza Aiaraldean

Uxue Derechok bere lehen pertsonaia protagonista filmatu berri du

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 13a

Uxue Derecho laudioarra., artxibo irudi batean. / U. D.

Zumaian amaitu berri dute Aho beltza filmaren grabaketa. Antzezle laudioarra oso pozik dago esperientziarekin, hainbat urtez trebatu eta gero.

Zumaian grabatu dute aste honetan Aho beltza film laburra eta Uxue Derecho laudioarra izan da lanaren protagonista. Miguel Garces, Dorleta Urretabizkaia eta Sambou Diaby ere agertzen dira eta Alba Lozano da zuzendaria.

Hain zuzen, gidoia zinemagilearen esperientzian oinarrituta dago: "21 urte nituela egin nuen lan lehen aldiz grabaketa batean. Filmatzen ari ginela, lantalde osoa elkarrekin bizi ginen, gutako askok zinea lehen aldiz egiteko ilusioarekin. Baina filmaketa bukatu genuenean, festa batean, hiru pertsonak (tartean nire nagusi zuzenak) nire mugak gainditu zituzten".

Proiektuak Udalbiltzaren finantzazioa jaso du, Geuretik sortuta programaren bitartez.

Bizipen bikaina

Uxue Derechok Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, esperientzia hobezina izan da: "Grabazioa benetan zoragarria izan da; talde osoa jator-jatorra da, eta mimo handiz tratatu  naute. Denok elkarrekin oso lotura berezia sortu genuen, eta benetako familia txiki baten moduan sentitu genuen. Oraindik ere zaila egiten zait grabazioaz hitz egitea, emozionalki  oso lotuta jarraitzen dudalako. Konturatu naiz ez dagoela grabatzea baino leku hoberik niretzat. Zaila egiten zait sentitzen dudana hitzetan jartzea: urduritasuna eta ilusioa  nahasten dira, eta interpretazioaren lan eta pasioa bizirik ikustea magikoa da".

Horrez gain, hitz onak baino ez ditu Alba Lozano zuzendariarentzat: "Lehen egunetik oso zoriontsu eta pribilegiatua sentitu nintzen Alba ondoan izateagatik. Alba zuzendari zoragarria da, eta bide luzea du aurretik. Nigan konfiantza jarri zuen eta erakutsi  zidan nahi dudan guztia egin ahal dudala. Hilabete hauetan asko ikasi dut berarengandik eta neuregandik ere".  

Ezin sinetsi

Aho beltza filman izandako paper hori bere lehen pertsonaia protagonista izan da eta harriduraz eta ilusioz hartu zuen berria bere unean: "Papera nirea izango zela jakin nuenean oso berezia izan zen, eta egia esan, oso oroitzapen lausoa dut une horretaz, emozioaren eta poztasunaren eraginez. Gogoratzen dudan bakarra da negar egin nuela eta familiari deitu niola; ezin nuen sinetsi. Lehen aldia zen hain proiektu  polit eta berezi batean papera lortzen nuela. Denbora luzez 'inpostorearen sindromea' izan nuen; ez nuen ulertzen nola lortu nuen. Entsegu askoren eta zuzendariarekin zein lankideekin izandako elkarrizketa ugariren ondoren, konturatu nintzen benetan lortu nuela, ahotsa ematea bezalako mezua duen proiektu baten protagonista izango nintzela".

Bokazioa berretsita

Filmaketan izandako eskarmentuak, dena den, erakutsi dio laudioarrari bere tokia zineman dagoela eta horretarako urte luzez prestatu da: "Zineman izandako nire lehen esperientzia Batxilergoa amaitu nuenean izan zen. Euskal Herriko Zinema Eskolan izena ematea erabaki nuen, interpretazioa ikasteko. Txikitatik nekien aktorea izan nahi nuela, interpretazioaren munduan aritu eta istorioak kontatu nahi nituela, baina Batxilergoa amaitu arte ez nintzen ausartu pauso hori ematera. Han hiru urte eman nituen prestatzen; tartean, film laburrak egin nituen eta grabaketen mundura ohitzen hasi nintzen. Gero, prestakuntza jarraitzea erabaki nuen: ahotsa, gorputza eta dantza, inprobisazioa, eszenari buruzko ikerketa...".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide