Baliabide polizial gehiago eskatu dizkio EAJk Laudioko Udalari, segurtasun arazoei aurre egiteko

Txabi Alvarado Bañares 2025eko azaroaren 16a

EAJko udal taldeko kideak. / EAJ

“Ultraeskuinaren gehiegikerian, populismoan, onkerian eta muturreko ezkerraren ukazioan erori gabe” lan egitea eskatu diote jeltzaleek EH Bilduren Udal Gobernuari. 

Prentsa oharra plazaratu du Laudioko EAJk azken asteetan piztu den segurtasunaren auziaren gaineko bere posizionamendua plazaratzeko. Jeltzaleek EH Bilduren udal gobernuari eskatu diote bere gain hartzea “herritarren segurtasunaren arloko erantzunkizunak”, argudiatuta lapurretak, ebasketak eta okupazioak ugaritu egin direla herrian eta horrek “kezka eta ezinegona” sortu duela bizilagunengan. Opozisioko taldearen ustez, Udalak ez die erantzunik eman kontu horiei eta, horren ondorioz, “zigorgabetasun eta segurtasun gabezia sentsazioa areagotzen ari da udalerrian”. 

Ander Añibarroren ustez, “ukatu ezin den errealitate bat” dago udalerrian: “etxebizitzetako lapurretak, kaleko lapurretak, legez kanpoko okupazioak eta adinekoekin eta gazteekin izandako istiluak areagotzen ari dira”. Horren aurrean, “ostrukaren teknika” baliatzea leporatu dio zinegotzi jeltzaleak EH Bilduren gobernuari, eta baita “eskuin muturreko ustezko diskurtsoak” argudiatzea “arreta desbideratzeko”. Añibarroren ustez, “arduragabea bezain onartezina” da jarrera hori. 

EAJko kideen arabera, “Aretan, Ellakurin, Isasin, Virgen del Carmenen eta Motxotekalen” egon dira lapurretak eta ebasketak azken asteetan, besteak beste. Horrez gain, gaineratu dute “beste toki batzuetan, Laudioalden esaterako, legez kanpoko okupazioen inguruko kezka areagotu egin dela”. Añibarrok nabarmendu du kontua ez dela “alarma” sortzea, “dagoen eta erantzun serioak behar dituen arazo bati aurre egitea” baizik. 

Udaltzaingoan errefortzuak, baliabide tekniko gehiago eta Ertzaintzarekin koordinazio estuagoa eskatu dute jeltzaleek. 

Baliabide polizial gehiago

Bide horretan, jeltzaleek gogorarazi dute azken Udal Osoko Bilkuran atera zutela gaia mahai gainera, eta “Udaltzaingoan errefortzuak, baliabide tekniko gehiago eta Ertzaintzarekin koordinazio estuagoa” eskatu zituztela, “segurtasuna ez baita diskurtsoekin bermatzen, baliabideekin eta plangintzarekin baizik".

Añibarroren iritziz, beharrezkoa da “herritarren segurtasunaz, etxebizitzaz eta okupazioaz arduraz, lasaitasunez eta aurreiritzirik gabe” hitz egitea. "Hori egin behar da, nahiz eta deserosoa izan, ultraeskuinaren gehiegikerian, populismoan, onkerian eta muturreko ezkerraren ukazioan erori gabe. Segurtasunak eta errespetuak eskutik joan behar dute. Gure erantzukizuna da arazoak onartzea eta horiek konpontzeko benetako neurriak planteatzea", nabarmendu du bozeramaileak. Bere hitzetan, udal gobernuak auzokideen “konfiantza berreskuratu” behar du, “lidergoa, entzute aktiboa eta ekintza” baliatuta. “Laudion kezka dago, eta laudioarrek espero dutena irtenbideak dira, ez justifikazioak edo aitzakiak". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide