Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Gozatzera eta ondo pasatzera goaz Gaztea Maketa Lehiaketako finalera”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko azaroaren 18a

2024ko azaroaren 28an eskaini zuen Barrrk taldeak bere lehenengo kontzertua, Orozkoko Jentilzulo Kulturgunean. / Aiaraldea.eus

Barrrk taldeko kideak dira YASMIN QUESNEL (Malaga, 2004) eta JOSU AMUNDARAIN (Orozko, 1994), Ruben eta Brunorekin batera. Urtebeteko ibilbide publikoa egin du bandak, eta dagoeneko aurkitu du bere tokia eszenan. Ostegunean Gasteizko Jimmy jazz aretoan arituko dira, Gazte aMaketa Lehiaketako finalean

Gaztea Maketa Lehiaketako finalista da Barrrk. Nola jaso duzue hautagaitzaren albistea?

Josu Amundarain: Zintzoki, ustekabean harrapatu gaitu guztiz. Ez genuen aparteko espektatibarik, banda pilok parte hartzen du. 90 banda baino gehiago, eta batzuk oso oso onak. Finalaurreko fasera igarotzea ere izugarria izan zen guretzat, gure burua hautatutako lehenengo 20 taldeen artean ikustea.

Yasmin Quesnel: Bozketa fasean ere ez genuen ahalegin handirik egin sare sozialetako gure jarraitzaileen botoa eskatzeko. Burua beste kontu batzuetan daukagu; datozen hilabeteetako boloak, abesti berriak… Bozkatzeko epea pare bat egun gehiago luzatu zutenean bideo txiki bat grabatu genuen, besterik ez.

J.A.: Ironikoena da ez garela finalera igaro boto kopuru handiena biltzeagatik, epaimahaiaren hautaketa lortu dugulako baizik. Bozketa fasera igaro garen bandetatik lau arituko gara Gaztea Maketa Lehiaketan; boto gehien lortu duen taldea eta epaimahaiak aukeratutako beste hiru, azken horien artean gaude gu. Guay dago epaimahaiak gure proposamenaren alde egin izana, seinale ona da.

Y.Q.: Ilusionatuta bagaude, urduri ere bai. Baina tira, gure asmoa kontzertu ona eskaintzea da eta esperientziaz ahalik eta gehien gozatzea.

Jimmy Jazz Aretoan izango da finala, azaroaren 20an.

J.A.: Hori da. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da finala, ostegunean, 20:30etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Talde bakoitzak 20 minutuko kontzertua eskainiko dugu. Express. Hor bertan erabakiko da irabazlea.

Nola prestatu duzue osteguneko kontzertua?

Y.Q.: Erabaki dugu orain arte landutakoaren hautaketa txiki bat prestatzea; EPko abestiak eta inon argitaratu gabe dagoen abesti berri bat taularatuko ditugu. Nik uste hautaketa ona dela.

Pretentsiorik gabe aurkeztu zineten Gaztea Maketa Lehiaketara. Behin honaino helduta, piztu zaizue lehiakortasunaren garra?

J.A.: Niri, zintzoki ez. Eta uste dut talde osoaren izenean berdina esan dezakedala. Gure asmoa gozatzea da. Finalean gurekin aritu diren zenbait talderekin zuzenekoak eskaini ditugu aurretik ere, eta super rollo ona daukagu haiekin, Marmitako Trap Bandarekin, esaterako.

Y.Q.: Lehiakortasuna zero. Ni oso ilusionatuta nago. Ziur naiz oso dibertigarria izango dela.

Akaso goiz da oraindik, baina Gaztea Maketa Lehiaketak duen dimentsioa ezagututa, nabaritzen duzue Barrrk gehiago entzuten dela?

Y.Q.: Ufa! Ba ez dakit. Ziurrenik kasualitatea izango da baina azken egunetan hiru bolo berri atera zaizkigu. Leku oso interesgarrietan gainera.

"Post-punk britaniarrarekin, Itoizekin, Tatxersekin… lotu dute askok gure musika. Guk ez dugu esplizituki lotura hori bilatu, baina talde horiek entzuten ditugu. Ez da aurreikusitako zerbait"

Urtebete daramazue eszenatokien gainean. Zer da Barrrk taldeak Euskal Herriko eszena musikalari eskaini diona?

J.A.: Oraindik ez daramagu urtebete. Azaroaren 28an beteko da urte bat Jantilzulo Kulturguneko oholtzan estreinako kontzertua eskaini genuela.

Y.Q.: Jendeak esaten digunaren arabera, doinu zaharrak berreskuratu ditugu. 1980 eta 1990eko hamarkadetako eraginetatik asko edaten dugu, eta gure abestiek gauza asko ekar dezakete gogora. Askok esan didate talde hau edo bestea ikusi dutela islatuta gure abesti edo kontzertuetan. Guri nahigabean ateratzen zaigu konposatzerako orduan, eta jendeak gogo onez hartu du proposamena.

J.A.: Nik uste hor dagoela gakoa. Guk ez genuen ezer zehatzik taularatu nahi, gauzak ateratzen joan dira eta publikoak horrekin konektatu du. Post-punk britaniarrarekin, Itoizekin, Tatxersekin… lotu dute askok gure musika. Guk ez dugu esplizituki lotura hori bilatu, baina talde horiek entzuten ditugu. Ez da aurreikusitako zerbait.

Denboran atzera eginda, nola sortu zen Barrrk?

J.A.: Ruben eta biok urte pare bat generamatzan elkarrekin musika jotzen. Basauriko lokal batera gindoazen, gitarra eta bateria jotzera. Gure denbora-pasa zen. Denborarekin ohartu ginen bazeudela errepikatzen ziren patroiak, eta esku artean genuen hori pixka serioago jorratzea erabaki genuen.

Abesti batzuk grabatu genituen, Drumgorrin lokala hartu genuen eta baxu-jole bat bilatzea erabaki genuen. Horrela kontaktatu genuen Brunorekin, Algortako nire lagun batekin. Brunorekin hasi eta gutxira abeslari baten beharra genuela ohartu ginen. Beste neska bat aritu zen aurrena, baina ez zuen funtzionatu, eta orduan batu zen Yasmin.

Y.Q.: Kuriosoa da. Izan ere, aurretik egondako abeslari hura nire laguna da. Inoiz komentatu zidan talde batean hasi berria zela, baina nik ez nion horri erreparatu. Taldera batzeko gonbita, ordea, beste bide batetik jaso nuen. Brunoren lagun argazkilari batek pasa zien nire erreferentzia. Entsegu batera etorri nintzen eta oso ondo konektatu genuen guztiok. Oso ilusionatuta nengoen, eta banago. Zoriontsua naiz taldean.

J.A.: Gu ere bai! Yasmin batu eta gutxira eskaini genuen gure lehen kontzertua.

Eta zergatik Barrrk?

J.A.: Uste dut guk ere ez dugula oso argi (barreak).

Y.Q.: Orduak eta orduak eman genituen izen bila, eta ez genuen bat bera ere ondo ikusten. Drumgorriko terrazan geundela txakur bat zaunka ari zen etengabean eta norbaitek bark esan zuen.  Brunok proposatu zuen izena, eta r batzuk gehiago gehitzea erabaki genuen: Barrrk. Zaunk ere genuen gustuko, baina hartuta zegoen.

J.A.: Batzuetan izena hautatzeari egundoko garrantzia ematen zaio. Guk brainstorming ariketa sakonak egin izan ditugu aurretik, taldea definitu eta izena bilatzeko asmoz. Animalien senaz luze egon ginen hizketan… Baina azkenean izena hautatu behar zen derrigorrean. Azkenean, Barrrk.

Y.Q.: Jendeak Barik deitzen gaitu batzuetan. Beste batzuek nahi beste r gehitzen dizkiote izenari; Barrrrrrrrrrrk. Interpreta dezala bakoitzak nahi duen erara, hori ere guay dago.

“Gaztetxerik gabe azken urtean bost kontzertu baino ez genituen eskainiko”

Urtebetean askotan izan zarete eszenatoki gainean. Nola baloratzen duzue orain arte egindako bidea?

Y.Q.: Jentilzuloko kontzertutik urtebetera ia hogei kontzertu eskaini ditugu. Asko dira.

J.A.: Talde askok ez dute lehenengo urtean hainbeste kontzertu eskaintzeko aukera.

Y.Q.: Zorrozaurreko El Nido Del Pajaro Peligro aretoan eskainitako kontzertua oso berezia izan zen. Oso leku berezia da niretzat. Valentziako talde ikusgarri batekin jo genuen bertan.

J.A.: Garrastatxuko txosnan eskaini genuena ere asko gustatu zitzaidan. Lokatzetan. Oso leku txikia zen, publikoa gure gainean zegoen, asko disfrutatzen ditut horrelakoak. Orozko Rockeko kontzertua ere berezia izan zen niretzat, urte luzez aritu naiz bertan antolatzaile. Baina eszenatoki horrek ez zuen zerikusirik, oso handia zen. Agian ez gaude tamaina horretako oholtzetara baina jendeak oso ondo pasatu zuen.

Y.Q.: Sentsazioa daukat kontzertu guztiak izan direla politak. Denak desberdinak eta oso dibertigarriak.

J.A.: Ni bereziki gustura sentitzen naiz gaztetxeetan joz. Egundoko aukera daukagu musika taldeok Euskal Herrian gaztetxeen artean mugitzen den zirkuituari esker. Zoritxarrez galtzen ari da hori zenbait lekutan, eta zaindu beharra dago. Gaztetxeena la ostia da, beste leku askotan musika taldeek ez dute hemen dugun aukera hori. Euskal Herrian zenbat talde atera dira zirkuitu horretatik? Zaldibar, Elorrio, Bilbo, Laudio, Amurrio, Urduña… tranpolin bat izan dira banda askorentzat.

Y.Q.: Gaztetxerik gabe azken urtean bost kontzertu baino ez genituen eskainiko. Portugaleteko Sastraka gaztetxean bi kontzertu eskaini ditugu, esaterako.

Zuen lehenengo EPa ere kaleratu duzue urtebete honetan.

Y.Q.: Bai, ni gaixo nengoen grabatu genuenean. Bi aldiz grabatu genuen ahotsa.

J.A.: Oso azkar grabatu genuen bai, asteburu bakarrean. Oso ondo pasatu genuen. Etxean bezala aritu ginen grabaketan, Eten Espacio Sonoro estudioan. Alvaro Olaetxea eta Iñigo Angulo ekoizleek gidatu zuten lana, eta estudioan grabatzen beti dago soinua askoz gehiago zukutzeko aukera. Oso gauza interesgarriak atera genituen.

Ingelesa, gaztelania eta euskara uztartu dituzue zuen hitzetan. Zelan moldatu zara euskararekin zu Yasmin?

Y.Q.: Hizkuntza izugarria dela uste dut. Soinu ikaragarria dauka. Errimatzeko eta ahoskatzeko hizkuntza itzela da. Asko gustatzen zait. Pena ematen dit hitz egiteko gai ez izatea, gogotsu nago euskara ikasteko. Josuk idatzi ditu gure euskarazko abestiak. Laster kaleratuko dugu bigarrena.

J.A: Sugegorri abestiko k letrarena kontatu behar dugu. Ergatibo bat jan genuen (barreak).

Y.Q.: Grabatu ostean konturatu ginen eta beranduegi zen ezer konpontzeko.

J.A.: Guretzat izugarria da Yasminek euskaraz abesteko ahalegina egitea. Menperatzen ez duen hizkuntza bat da, baina oso ondo moldatzen da abesten. Ahalegin hori balioan jarri behar da ere.

Kontzertuz lepo agurtu behar duzue urtea.

J.A.: Abenduaren 13an Faktorian izango gara, Santurtziko La Kelon ere dugu kontzertua lotuta, Zuian izango gara ere Hil Da Laboa kolektiboarekin… urte amaiera potentea izango da, bai.

Y.Q.: Martxoan Madrilen eta Lleidan joko dugu, asteburu berdinean.

Etorkizunera begira jarri zarete?

J.A.: Datozen hilabeteetako kontzertuetan eta konposizio lanetan gaude murgilduta buru-belarri. Ordu nahikotxo dedikatu dizkiogu azken hilabeteetan sorkuntzari, gure arteko dinamika oso ona da, oso ondo ulertzen diogu elkarri. Gauza interesgarriak ari gara kozinatzen. 

Y.Q.: Gure asmoa bada datorren urterako zerbait plazaratzea. Ez dakigu zer izango den oraindik. Hain azkar joan da guztia azken urtean, eta hain ondo atera zaizkigu gauzak: kontzertuak, EParen grabaketa, Gaztea Maketa Lehiaketa… Onartu behar dugu prozesu berri bat izango dela orain abiatzear gauden hau.

J.A.: Ez aspertzea da gakoa, horretarako gaude hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide