Arrazakeriaren inguruko eztabaida, hamaboskaritik ikasgelara

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abenduaren 5a

DBH 2. mailako ikasleekin aritu zen Saida El Bakali solasean. / Aiaraldea.eus

Solasaldia eskaini die Saida El Bakali laudioarrak Laudio Institutuko DBH 2. mailako ikasleei, Aiaraldea Hemen hamaboskarian arrazakeriaren gorakadari buruz eginiko elkarrizketa ardatz hartuta. 

Aiaraldea Hemen hamabostekariaren urriaren 22ko alean argitaratu genuen Saida El Bakaliri eginiko elkarrizketa. Arrazakeriari buruz luze eta zabal hitz egin zuen Laudioko bizilagunak, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta. Zabalpen nabarmena izan zuen solasaldi hark, kalean zein ikasgeletan. Laudio Institutuko DBH 2. mailako ikasleek, adibidez, klasean landu zuten hamaboskariko edukia. Elkarrizketa irakurri eta galderak prestatu zituzten, eta elkarrizketatua bera gonbidatu zuten egun batean ikasgelara, sortutako duda eta galderez mintzatzeko. 

Ordubeteko solasaldia eskaini zuen El Bakalik dozena bat ikasleren aurrean. Bere ogibideaz hitz egiten hasi zen laudioarra. Izan ere, gazte zein familia migratuak artatzen egiten du lan, harrera zentro batean. Gauzak hala, zentro horien jardunaren nondik norakoak aletu zituen, inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarren errealitateaz mintzatuz, besteak beste.    

Jarraian heldu zion arrazakeriaren gaiari. Dena den, hitzartze luze bat egin ordez, nahiago izan zuen ikasleekin elkarrizketan aritu, galdera zuzenak plazaratuz. “Zuetako zenbaten amek daramate beloa?”, galdetu zuen lehenbizi. Lau esku altxatu ziren. “Zuen ametako zenbati begiratu diete gaizki kaletik beloa eramateagatik?”, galdetu zuen jarraian. Hiru esku gora. “Zuen ametako zenbatek izan dituzte zailtasunak lanak topatzeko beloa eramateagatik?”. Aurreko hiru eskuak gora berriz.

Aipatu zituzten delinkuentzia-tasak, pertsona migratuekiko aurreiritziak eta beste hainbat gai. Bizipen pertsonalak ere partekatu zituzten.

Hortik aurrera elkarrizketa interesgarria egon zen ikasleen eta hizlari gonbidatuaren artean. Aipatu zituzten delinkuentzia-tasak, pertsona migratuekiko aurreiritziak eta beste hainbat gai. Bizipen pertsonalak ere partekatu zituzten. Izan ere, hainbat gazte arrazializatu zeuden ikasleen artean. Batzuk aipatu zuten arrazakeria bizi izan zutela. Beste batzuk, aldiz, ez zuten horren argi ikusten. 

Poliziaren jarreran izan zuten ardatz, adibidez. Guraso migratuak dituen gazte batek aipatu zuen poliziak bi aldiz miatu duela, bere lagunekin zapatak edo arropa begiratzen zegoela. “Badakit zergatik egiten duten, baina ez diot logikarik ikusten”, aipatu zuen. “Hori da egin behar duzuna, zure buruarekin eztabaida hori izan: Zergatik gelditu behar naute ni?”, erantzun zion El Bakalik. 

 

Euskalduntasunean ere jarri zuten begirada. “Zenbat euskaldun daude hemen?”, galdetu zuen hizlariak. Esku ugari altxatuta. “Zenbat atzerritar daude hemen?”, galdetu zuen gero. Beste horrenbeste esku gora. Ikasle horietako bati galdetu zion orduan: “Zergatik zara atzerritarra, hemen jaio bazara?”. Modu horretan, arrazakeriaren beste ertz bati erreparatu zion El Bakalik: gazte arrazializatuak atzerritarrak dira gizartearen begietara, hemen jaio arren. Aldiz, beste batzuk euskaldun petoak dira, euren guraso edo aiton amonak Espainiako estatuko beste toki batzuetatik iritsitakoak izan arren. 

Gauzak hala, proposamen bat egin zien El Bakalik gazte horiei: “Gustatuko litzaidake zuren aiton amonei galdetzea nola iritsi ziren Euskal Herrira lan bila, euskara jakin gabe, etxerik gabe, tren batean muntatuta Burgosen, Extremaduran, Logroñon… hona etortzeko. Nola sentitu ziren, zer diskriminazio jaso zuten… gaur egun guri ‘moro’ deitzen gaituzten bezala, garai hartan ere bazeuden eurak izendatzeko hitzak”.

Guraso migratuak dituen gazte batek aipatu zuen poliziak bi aldiz miatu duela, bere lagunekin zapatak edo arropa begiratzen zegoela.

Beste hainbat kontu ere aipatu zituzten saioan, baina beste horrenbeste utzi zituzten tintontzian. Izan ere, gai sakona da arrazakeriarena, eta ordubetek ez du askorako ematen. Hala ere, gaiaz pentsatzen jarraitzeko gonbita luzatu zien El Bakalik ikasleei, gizartean geroz eta gehiago hedatzen ari diren zurrumurruei aurre egiteko. “Albiste faltsu horiek orain gelditzen ez baditugu, galduta gaude. Hemendik hamar urtera beste moda bat sortuko delako, eta jada ez garelako ‘moroak’ izango jopuntuan egongo garenak”, ondorioztatu zuen hizlariak, “gure esku dago zer defendatu nahi dugun eta zer ez, baina inoiz ez dugu lotsa sentitu behar gure inguruagatik, izan nahi dugun horregatik, ezta hori defendatzeagatik ere”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide