Zer da maitasuna XXI. mendean? Horri buruzko hausnarketa proposatuko du Colectivo Amapolas Nicaragua antzerki taldea ostegunean 18:30ean Laudioko Kasinoan. Hain zuzen, Erdialdeko Amerikatik migratutako emakume talde batek osatzen du konpainia eta amodioari buruzko bestelako ikuspegia ekarriko dute, kanon erromantikoetatik urrun.
Izan ere, Casarse por papeles es verdadero amor antzelanak maitasun istorioen ohiko abiapuntua baztertu eta Panchita Uchis bilakatzen du protagonista. Bera Nikaraguatik ihes egin behar izan du setio politikoagatik eta Bartzelonara helduko da.
Han zaintzaren esparruan lan egin beharko du biziraupena bermatzeko eta horrek Merçe anderearen ardura hartzera bultzatuko du. Hortik hasita, lanak sistema patriarkala, esplotazioa eta monogamia dantzan eta zalantzan jarriko du burlesque, luma eta reggaetoiaren bitartez.
Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta EH Feministak Nika taldeak antolatu dute ekintza Laia Eskolako egitarauaren barruan.