Urkijo Kajoi jaia berreskuratu du Suziri Jai Batzordeak. Arrasateko Maritxu Kajoi festa ospetsuaren arrastoa jarraituz, 2008 eta 2009 urteetan antolatu zuten jaiaren bertsio laudioarra. Hamasei urtez luzatu den hutsunearen ostean, ospakizuna berpiztea erabaki dute herriko jai-kuadrillek.
Azaroaren 29an jarri dute Urkijo Kajoiren aurtengo edizioa ospatzeko hitzordua. "Larunbateko pintxopotea, baina dotore jantzita", azaldu dute Suziri Jai Batzordeko kideek sare sozialetan, sorpresaren bat edo beste ere prestatu dutela aurreratzearekin batera. Ez dute, ordea, Urkijo Kajoi "kuadrillen jai soil batera" mugatu nahi, eta herritar orori luzatu diote larunbatean "dotore" janzteko gonbita.
Dotore janztea zer den ere azaldu dute: "Nola jantzi behar da? Ba norberarentzat elegante janztea den horrekin. Kontua eroso egotea da. Ez da traje edo soinekoen lehiaketa bat, jantzi zure lehengusuaren jaunartzeko jantzia nahi izanez gero".
Herri Kanpaikadak
Gauerdian ospatuko dituzten Herri Kanpaikadak izango dira festaren ardatza, baina Urkijo Kajoiren egitaraua askoz lehenago hasiko da. Izenari zor, Ruperto Urkijori omenaldia eskainiko diote Lamuza Plazan 19:00etan, eta 20:00etan kalejira abiatuko dute. Aurreikuspenen arabera, 22:00etarako iritsiko da kalejira Herriko Plazara eta DJ Pakita Penas taldeak musikarekin girotuko du gauerdira arteko itxaronaldia. Orduan bai, plazako erlojuek 00:00ak jotzerakoan, Herri Kanpaikadak egingo dituzte, gabon zahar gaua hilabete aurreratuz.
Musika Poteoa
Urkijo Kajoi festak Musika Poteoarekin kointzidituko du, eta bi programazioak elkartu dituzte, goiz eta arratsalde herriko kaleak girotzeko. Musika Poteoak kalejiran jarriko ditu herriko abesbatzak. 12:00etan Arloteak eta Bi-Hotsak taldeak arituko dira kantuan Laudioko tabernetan barrena. 19:00etatik aurrera, aldiz, Arloteak eta Urduñako Oilarrak izango dira herriko tabernak abestiekin alaitzearen arduradunak.
Ver esta publicación en Instagram