Gizarteratze-teknikaria zara ikasketaz, eta artea duzu pasio. Kontatu ahal duzu pixkat noiz piztu ziren zugan bi alderdi horiek?
Artearekin izan nuen lehen kontaktua nire amonari esker izan zen; berak marrazten eta idazten zuen. Ávilako herri txiki batean dugu etxe bat, eta umea nintzela, bertako kanpoko paretetako batean marrazteko eskatu zidan. Arraroa egin zitzaidan. Nik hondartza bat margotu nuen, lehorra eta bakartia zen toki horretan. Horrek grazia egin zion nire amonari, eta urteak aurrera joan ahala ulertu nuen zergatik. Arteak ez duzun hori sortzeko eta irudikatzeko aukera ematen dizu; izan eskuragarria ala eskuraezina.
Gizarteratzearekiko interesa aldiz, gaztaroan piztu zitzaidan. 17 urte nituela, Atenasera joan ginen errefuxiatuekin lan egitera. Horrek Gizarte Hezkuntza gogoa sorrarazi zidan lehenbizikoz. Hortik aurrera, nire bizitzako hainbat egoera, modu kontziente edo inkontzientean, gizartearen ongizateari eta aniztasun kulturalari lotuta egon dira, baita eremu horretan ikasten eta lan egiten hasi aurretik ere.
“Gizartean dauden beharrak ikustea eta, artearen bidez, haiei ahotsa ematea da nire helburua”
Nola uztartzen dituzu Gizarte Hezkuntza eta sorkuntza?
Nire bidea oraindik hasi besterik ez da egin; artea eta Gizarte Hezkuntza uztartzeko mundua zabala da eta oraindik gutxi esploratua dagoela uste dut. Erreferenteak bilatzea zaila egin zait. Baina pixkanaka-pixkanaka antzeko interes edo bidea hartu duten pertsonekin egin dut topo.
Gizarteratze graduko lehenengo praktikak Algortan egin nituen, kale-egoeran zegoen jendearekin. Ez zuten apenas sormenerako espaziorik, baina proposatu nuen haiek sortutako koadroekin apaintzea ingurunea. Margolanek haien historia kontatu eta pertenentzia sentimendua lantzen laguntzen zuten. Oso emaitza pozgarriak izan ziren.
Zaila egin zait maiz etorkizuneko errealitate positibo bat irudikatzea, baina horrelako dinamikak praktikan jartzen ditudan bakoitzean hori horrela izan daitekeela sinesten dut berriz.
Momentuz gizartean dauden beharrak ikustea eta, artearen bidez, haiei ahotsa ematea da nire helburua. Beste artistekin ere kolaboratzea gustatuko litzaidake.

Gizarteko problematikei erantzuteko bide bezala ikusten duzu zuk artea?
Zalantzarik gabe. Arteak eta sormenak aukera ematen dute bizipenak adierazteko, gutxitutako ahotsei ikusgarritasuna emateko eta inklusioa sustatzeko. Tresna indartsuak dira gizartearen arazoei erantzun berriak emateko.
Gaur egun, mundu mailako arazo anitzak eta sakonak ditugu mahai gainean, eta gazteok sormena erabil dezakegu horiei erantzuteko tresna gisa. Sinisten dut antolakuntzan, manifetan eta bestelako baliabideetan, eta horiek ere beharrezkoak dira; baina uste dut arazo sozial estruktural zein koiunturalek erantzun berritzaileak behar dituztela. Horretarako irudimena kanporatzen ikasi behar dugu, sozialki modu sendoan erantzuteko tresna gisa erabili dezakegulako.
“Irudimena kanporatzen ikasi behar dugu, eta sozialki modu sendoan erantzuteko tresna gisa erabili”
Ildo horretan abiatu zenuen Naked Under the Skin proiektua. “Azalaren azpian biluzik” esan nahi du, ingelesez.
Naked sortu nuen nire sormen espazioa izateko. Batxilergotik atera nintzenean, Arte Ederretako gradua hasi nuen, baina ez nintzen gustora sentitu eta hori ikasteari utzi nion.
Arteak eta biok izan dugun harremana arraroa izan da eta oraindik ere elkar ezagutzen ari gara. Marrazketa landu dut, tatuajeak egin ditut, eta bideo eta musikarekin ere esperimentatu dut.
Garai batean artea produktu gisa baino ulertzen ez zuen jendearekin egin nuen topo eta horrek urruntzera eraman ninduen, nik ez nuelako ikuspuntu hori partekatzen.
Barruan nuen hori azaleratzeko beharretik sortu zen Naked. Aktibismoa, artea eta kultura ezberdinak elkartzeko espazioa izatea nahi dut. Momentuz inprobisatzen ari naiz, baina etorkizunean, terapia artistikoko ikasketak amaitzean, horretara bideratutako espazio bat sortu nahiko nuke. Agian beste izen batekin.
Hasieran poltsa batzuk ilustratu zenituen, baina azken aldian Palestinarekin lotutako gomendio kulturalak elkar banatzen ibili zara sare sozialetan.
Poltsak nire beldurrak hausteko pauso bat izan ziren, bakoitzak istorio pertsonal edo sozial bat islatzen zuen. Badago bat tximeleta bat duena, nire amonarekin dudan bizipenetan inspiratuta; beste bat haurrek helduengandik jasotzen duten gorrotoa islatzen duena; komunitate beltzaren erresistentzia irudikatzen duena…
Gero Zaragozara joan nintzen gizarte-hezkuntzaren eremuan lan egitera, asilo-eskatzaileekin, errefuxiatuekin eta adingabe migratuekin. Arlo pertsonalean zein profesionalean biziztako esperientziak inspirazio iturri izan ziren.
Dena den, Palestinari buruzko edukiak zabaltzearena beharrizanetik sortu zen. Kultura duen herri bat existitzen den herri bat da, eta horregatik gomendatzen hasi nintzen bertako pelikulak, kantak, artistak… jendea horiengana heltzeko eta kulturaren bidez konektatzean enpatia senti zezan.
Palestinako genozidioa lehenetsi beharreko gai bat dela ulertu nuen momentu horretan eta oraindik ere horrela pentsatzen dut.

Instagram bitartez ematen duzu zure lanaren berri. Sareetatik harago, beste esparru batzuetan egon nahiko zenuke? Non?
Instagram erabiltzen dut, nahiz eta ez izan pertsona oso adierazkorra sareetan. Sare sozialek kezka eta antsietatea sortzen didate, nire harremanak aurrez aurre eta kontaktu zuzenean eraikitzea gustatzen zaidalako.
Sare sozialek aukera ematen dute mundu osoari iristeko eta komunikatzeko. Hala ere, niretzat garrantzitsuena da komunitatea indartzeko eta elkarrekin sormena esperimentatzeko espazioak sortzea. Hori herrian bertan gertatzea gustatuko litzaidake.
Palestinako familia batekin eta umeekin terapia artistikoak egiten dituen irakasle batekin zaude harremanetan.
Bi dohaintza egin nituen eta nirekin jarri ziren kontaktuan eskerrak emateko. Gero elkarri idazten hasi genion eta harreman hori garatu egin da.
Osamak egoera kritikoa du familian. Bere gurasoekin eta beste zortzi anai-arrebarekin dago, Khan Yunisen. Aita diabetikoa du eta medikazioa behar du, bere arrebek ere osasun arazo larriak dituzte. Oso zaila da haientzat behar dituzten baliabide medikoak lortzea. Nik ezer gutxi egin dezaket, baina laguntza emozionala ematen diot, elkarrizketa bat izate hutsak on egiten diolako. Orain, unibertsitate-tituluaren agiria lortu du, eta beka eskabideetarako curriculuma prestatzen ibili gara azken egunotan. Jaber Thabet-ekin ere egin nuen harremana. Berak kontaktu eta baliabide gehiago ditu, baina ardura handia ere badauka, haur askoren ongizaterako bide bakarra da. Niretzat inspirazio handia da arte terapiarekin egiten duen lana, eta ikustea zer nolako funtzioa duen sormenak genozidio baten testuinguruan bizi diren umeengan. Egiten duen lana dokumentatzen saiatuko gara elkarlanean.
Trumpek lideratutako akordioa indarrean sartu eta gero, haien egoeraren berri eman dizute?
Akordioa sinatu eta bi egunera Osamak kontatu zidan haiek zeuden kanpamentuaren inguruetatik droneak zebiltzala bueltaka, umeen negarrak, txakurren zaunkak eta bonba hotsak erreproduzitzen zituzten. Hurrengo egunean bonbak jaurti zituzten bertatik gertu, eta berriz ere lekualdatu behar izan zuten.
Bake-hitzarmen faltsu horrek ez du estatu palestinarra aitortzen, ezta okupazioaren amaiera ekartzen ere. Orain, Mendebaldeko Saharan autonomia plan faltsua inposatu nahi du Trumpek, hala adierazi baitu Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan. Saharar herriari bere etorkizuna erabakitzeko inolako aukerarik gabe uzten dio horrek. Gatazka luzatzeko baina ez dute balio bi proposamenek, Saharan zein Palestinan.
Bakea heldu den galdetzeko geure buruari galdetu beharko genioke: Saharan, haien hondartzetan arrantzatu dezakete? Modu duin batean egin dezakete lan? Eta, Palestinan, bonbak jaurtitzeari utzi diote? Zer gertatuko da herritarrekin eta haien lurrekin plana luxuzko hotelak eraikitzea bada? Nola bermatuko da haien eskubideak errespetatzen ari direla?
“Hunkigarria izan da pegatinen ekimenarekin jendeak nola erantzun duen ikustea”
Pegatina eta kotxerako apaingarri pertsonalizatuak egiten ari zara Osamari eta Jaberri ekonomikoki laguntzeko. Zein izaten ari da jendearen erantzuna?
Erantzuna oso pozgarria izaten ari da, ez nuen espero jendea hainbeste inplikatuko zenik. Ekimen honekin hasi nintzenean denbora asko bideratzeko aukera nuen, eta orain erritmoa jaitsi behar izan dut, bestelako proiektu batzuk baititut esku artean, eta lanarekin zein ikasketekin uztartu behar baitut dena. Hunkigarria izan da jendeak nola erantzun duen ikustea eta horrek lagundu dit konfiantza berreskuratzen bai egiten dudan horrekiko eta baita gizartearekiko ere.
Nola lortu dezake jendeak berea?
Lehen aipatu dudan bezala, momentuz Instagramen bakarrik nago. Bertatik mezu bat bidali eta, pegatina pertsonalizatuak direnez, zer ezaugarri izatea eta zer mezu adieraztea nahi duzun zehaztea baino ez da behar. 8 euroko ekarpena finkatu dut nik, baina gehiago izan daiteke, jendearen ahalmenaren arabera. Laudiokoa edo ingurukoa bazara eskuan entregatu ditzaket, baina bidalketak ere egiten ditut.
Ez dirudi epe laburrean sortzeari utziko diozunik.
Proiektu pertsonal askorekin amesten dut, artea eta gizartea uztartzen dutenak. Nahiko nuke sortzen dudan horretan garrantzitsuena ez izatea emaitza edo produktua bera. Balio sozialari erreparatu nahi diot, eta benetan eragin bat izango duen eta jendearen bizitzetan aztarna utziko duen artea interesatzen zait.
Orain, Euskal Herriko beste artista eta boluntario batzuen laguntzaz eta elkarlanaz, ekitaldi bat antolatzen ari gara. Jaberrekin batera ere zer edo zer sortu nahi dugu.
Helburua Palestinaren alde dirua biltzea, kontzientzia sortzea eta borroka bizirik dagoela gogoraraztea izango da. Espero dut laster horren berri eman ahal izatea.
