Maderas de Llodio greba mugagabean

ELAk eta LABek ez dute onartu Maderas de Llodioko zuzendaritzak proposatutako akordioa eta grebak aurrera jarraituko du

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 25a

Greba mantenduko dute Maderas de Llodioko langileek. / Aiaraldea.eus

Sindikatuen aburuz, Garnicaren eskaintzak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen eta grebaren zein epaitegiaren bideari eutsiko diote. LABek aldarrikatu du grebak soilik eragina izan duela enpresan.

ELA sindikatuak jakinarazi du Garnica taldeak egindako akordio eskaintza baztertu duela. Horrela egin du Maderas de Llodioko bere afiliatuekin eztabaidatu eta bozkatu ondoren, eta grebari eta epaitegiko aukerari eutsiko die.

Argudio ugari azaldu ditu sindikatuak ezezkoa arrazoitzeko, baina nagusienak dira enpresak lan kargaren %20 deslokalizatu nahi duela oraindik (hasieran planteatutakoaren erdia edo gehiago).

Garnicaren proposamenak ez du deslokalizazioa guztiz eteten, sindikatuek azaldu dutenez. 

Horri gehitu behar zaio bi urtez Laudiorako lan karga partzialki bermatzeko konpromisoa hartu arren, Garnica taldeak "errentagarritasunaren" arabera hartuko duela erabakia zenbait lan-kargei dagokionez. 

Kaleratze guztiak ez dira gelditu

Kaleratzeei dagokienez, irteera guztiak ez dira borondatezkoak, enpresak zeharkako eskulaneko 3 pertsonari jarri baitie betoa, eta, ondorioz, horiek nahitaez aterako lirateke.

Hiru langile indarrez kaleratzea ere aurreikusi du Garnicak.

Enpleguaren esparruan, Garnicak bi urteko konpromisoa hartzen du kaleratze kolektiborik ez egiteko, baina ez du konpromisorik jasotzen banakako kaleratzeei dagokienez.

Greba eta epaitegia

Enpresaren proposamena urrats positibotzat jo badu ere, ELAk aipatu du ez direla gutxieneko baldintzak bete irailaren 22tik abian dagoen greba amaitzeko. Sindikatuak azaldu du espedientea bertan behera geratu behar dela eta deslokalizazioa gelditu.

Greban jarraitu ez ezik, ELAk helegitea aurkeztu du epaitegian Maderas de Llodioko ekoizpenaren deslokalizazioa ekiditeko.

Mobilizazioa ez ezik, ELAk (LAB eta UGTrekin batera) beste tresna bat abiatu du: auzitegiena. "Enpresak aurkeztutako dokumentazioak eta datuek ez dute ekoizpen arrazoirik egiaztatzen, eta kontraesankorrak zein okerrak dira. Hori dela eta, ELAk helegitea aurkeztu du enplegu-erregulazioko espedientearen aurka, eta kautelazko neurriak eskatu ditu, Garnica taldeak Laudioko lantegiko lan kargaren zati bat deslokalizatu ez dezan" adierazi du langile erakundeak.

LABek ere presioa mantentzeko jarrera berretsi du 

LABekin ere jarri da harremanetan Aiaraldea Komunikabidea eta erakundea ere ez dator bat Garnicaren proposamenarekin. Sindikatu abertzalearen iritziz, gutxieneko baldintzak ez dira oraindik bete, eta argitu du bihar bilduko direla berriro Enpresa Batzordeko ordezkariak eta Garnica taldea. "Batzar horretara sindikatu bakoitzak eraman behar ditu bere proposamenak eta guk horrela egingo dugu", aurreratu dute sindikatuko kideek. Berez, negoziatzen jarraitzeko prestutasuna agertu dute LABeko kideek.

Gero sindikatuak oharra plazaratu du ere eta publikoki goraipatu nahi izan du Maderas de Llodioko langileen greba eta borroka sindikala, borroka horri esker ireki baita Garnica enpresarekin negoziatzeko aukera.

LABek bere marra gorriak ere argi utzi ditu negoziazioari begira:

  • Kaleratutako edozein langilek bere lanpostura itzultzeko eskubidea bermatzea.

  • Etorkizuna bermatuko duten ekoizpen eta enplegu bermeak mahai gainean jartzea, konpromiso errealak hartuz.

Horretarako, ekintza sindikala eta mobilizazioa elikatzen jarraituko duela aipatu du langile erakundeak, "hasieratik egin bezala".

Azkenik, erakunde publikoen inplikazio falta salatu dute LABeko kideek eta, horregatik, "biharko Aiaraldeko Greba Batzordeak Amurrion deitutako mobilizazioarekin bat egin eta bertaratzeko deia" egin dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide