Hardcore Hits Cancer ekimeneko Laudioko kideek euren materiala Izarrara eramango dute larunbatean Urkarock jaialdian parte hartzeko. Beste 50 musika talde, artisau eta diseinugilerekin batuko dira azokan 11:00etatik aurrera.
Jaialdi autogestionatuak kontzertuak, grafiti tailerrak, zuzeneko tatuaje saioak, bertsolariak, haurrentzako jarduerak, aurpegi margoketak eta hitzaldi irekiak eskainiko ditu.
Bi gunetan banatuko dituzte jarduerak. Algaragunean azoka egingo dute. Aldiz, Zaratagunea eremu musikala izango da, eguneko agertoki nagusia. Bertan egingo dituzte eguneko zein gaueko kontzertuak.
Horrez gain, bazkari herrikoia eta afaria ere egongo dira aretoan bertan, egun osoan zehar bizikidetza-giroa sustatzeko.
21:00etatik aurrera, Mozkor Alaiak, Koltan, Astalapo, Kolapso, Mazedonia Kimika eta DJ Txatxis taldeen kontzertuak egongo dira oholtza nagusian.