Laudioko Aldai plazako aparkalekuko tarifak nabarmen merketuko dituzte bihartik aurrera. Udalak hitzarmen berria sinatu du azpiegitura kudeatzen duen APK2 enpresarekin, eta "herritarrei zerbitzu hobea eskaini" ahalko diete horrela.
Hala azaldu du Ainize Gastakak gaur goizean enpresako arduradunekin batera eskainitako prentsaurrekoan. "Hitzarmen honen bidez, udalerria aktibatu nahi dugu, lehenengo sektorea hauspotu, eta, jakina, laudioarrei erraztasunak eskaini", nabarmendu du alkateak.
Hitzarmen berri horrekin, aparkalekuan ibilgailua 24 orduz uzteak 2,5 euro balioko du bihartik aurrera. Horrek %90etik gorako deskontua ekarriko du, orain arte tarifa hori 26,5 eurokoa zelako, tokiko erakundeak nabarmendu duenez.
Gainera, lehenengo orduko tartea proportzionalki ordainduko da, eta hilabeteko abonuak ere eskainiko dituzte: "24 orduko abonu berriztagarriak 49 eurotan, 10 orduko berriztagarriak 39 eurotan, eta 24 edo 10 orduko egonaldietarako permanentziarik gabeko abonuak 59 edo 49 eurotan, hurrenez hurren". Nabarmendu dutenez, nahi beste sartu-irten egin ahalko dira autoekin, "abonua edozein dela ere".
Udal gobernuak iragarri du hemendik aurrera uko egingo diola aparkalekuan sartzeko udal-txartela erabiltzeari, "orain arte zinegotziek aukera hori izan duten arren".
Gaueko hilabeteko abonuak (19:00-9:00 bitartekoak), aldiz, 19 euro balioko du, eta asteburu zein jaiegunetan edozein unetan sartu ahalko da ibilgailua.
Baserritar eta tokiko ekoizleentzat, aldiz, 9 euroko hilabeteko abonua egongo da, azokak dauden egunetan aparkalekua 7:00etatik 15:00etara erabili ahal izateko.
Horrez gain, Udal gobernuak iragarri du hemendik aurrera uko egingo diola aparkalekuan sartzeko udal-txartela erabiltzeari, "orain arte zinegotziek aukera hori izan duten arren". Modu horretan, kudeaketa "arduratsuagoa eta eredugarriagoa" izatea bilatzen du tokiko erakundeak.
Deskontu-txartelak dendetan
Apill ere batu da aparkalekuko prezio berriak promozionatzeko kanpainara. Horretarako, 3.000 deskontu-txartel jarriko ditu merkatari eta ostalarien elkarteak 62 saltokietan, erosketak egiten dituzten herritarrei emateko.
Txartel horien bidez, bizilagunek euro bateko deskontua izango dute Aldaiko azpiegitura baliatzeko.