Olentzero eta Mari Domingiren etxea bilakatuko dute Laudioko Kultura Etxea

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 10a

Atzo aurkeztu zuten egitarau osoa. / Aiaraldea.eus

Egitarau zabala aurkeztu zuen atzo Udalak eta ekintza berritzaileena izango da Kultura Etxea Olentzero eta Mari Domingiren gotorlekua izango dela abenduaren 20tik aurrera.

Laudioko Udalak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Gabonetako egitarauaren berri emateko eta ekintza berria proposatu dute abenduaren 20tik 23ra bitartean. Izan ere, Kultura Etxea Olentzero eta Mari Domingiren eremua bihurtuko dute, umeek bisitatu dezaten. Parkean argi tunela topatuko dute herritarrek.

Horrez gain, eta lehen sektoreari bultzada emateko helburuz, abenduaren 24an eta 31n baserritar eta artisauen merkatua izango da Aldai plazan, eta Gabonetako etxolak egongo dira ere Herriko plazan, abenduaren 22tik 24ra arte eta 26tik 31ra arte.

Zinema

Ume eta gazteentzako zinema zikloa ere egongo da: Ipuinak lorategi magikotik, Maya emaidazu izenburua bat eta Gaztelua proiektatuko dituzte Kasinoan, 22an, 27an eta 28an. Azken filma 18 urtetik gorakoentzat izango da. 

Ohiko Gabonetako Haur Parkea urtarrilaren 2an, 3an eta 4an izango da goizez eta arratsaldez kiroldegian, puzgarri eta tailerrekin.

Kirola eta musika

Kirolak ere bere tartea izango du Herri Eguberrien egitarauan urteroko San Silvestre lasterketarekin. Horrez gain, aurten ere aretarrek gonbidatu dute jende oro Alpitxura igotzera, abenduaren 31n, Aretako Kultura etxetik hasita. Martxa horren XI. edizioa izango da.

Musikari dagokionez, herriko abesbatzek eta musika elkarteek ere parte hartuko dute Eguberriko kontzertuak eskainiz, eta musika animazioa egongo da ere beste talde batzuen eskutik.

Eguberri argiak piztea

Abenduaren 19an egun oso berezia biziko du Laudiok, Eguberri argiak piztearekin. Ekimena arratsaldeko seietan hasiko da Herriko plazan. Ondoren, ikazkinari harrera egingo zaio Ugarteko plazan. Zortea probatu nahi duten gazteek izena eman dezakete udaletxean, kiroldegian eta liburutegian jarri diren postontzi fisikoetan, ostiralera arte.

Olentzero eta Mari Domingirekin hitzorduak

Kultura etxean ez ezik, Olentzero eta Mari Domingi San Joan Astobitzan egongo dira eta bere bila joateko Laudioko Herriko plazan elkartuko dira abenduaren 21ean, 11:30ean. Nola ez, 24an ohiko kalejira jendetsua egingo dute momotxorro eta galtzagorriekin.

Urtea amaitzeko, photocall ibiltaria egongo da abenduaren 31n eta Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magikoek ere Laudio bisitatuko dute, baina urtarrilaren 5ean. S.R.C.G. Rakatapla Elkarteak Ekialdeko Errege Magoei lagunduko die eskutitzak biltzen abenduaren 27an Herriko plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide