EAJren ustez, Laudioko Gabonetako argiak beranduegi piztuko ditu Udalak

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 11

EAJko zinegotzi laudioarrak, artxibo irudi batean. / EAJ

Oposizioko talde nagusiak oharra zabaldu du adierazteko Gabonetako argiak lehenago piztu behar direla herrian giro sortzeko.

Laudioko EAJk prentsa oharra plazaratu du, bere ustez, Eguberriko argiak beranduegi piztuko direlako. "Energia aurreztea edo jasangarritasuna argudiatuz argiak piztea atzeratzea aitzakia bat da: frogatuta dago Gabonetako argiztapenak herritarrak animatzen dituela, giroa sortzen duela eta gure kaleak biziarazten dituela", aipatu du Maite Cortazar zinegotzi jeltzaleak.

Ordezkari politikoak garrantzia handia eman dio argiztapenari eta egitarau zabalagoa ere eskatu du: "Gabonetan ekonomia aktibatzen da, baita kultura, animazioa eta ilusio kolektiboa ere. Laudiok distira hori berreskuratu behar du: egun hauetan itzaltzen jarraitzen duen herriak elkartzeko, parte hartzeko eta gozatzeko aukerak galtzen ditu. Egitarau oso bat behar dugu, argi gehiagorekin, kultur ekitaldi gehiagorekin, giro handiagoarekin eta Laudio berriro ilusionatzeko moduko jarduera gehiagorekin".

Planifikazio falta

Horrez gain, oposizioko talde garrantzitsuenak aurreikuspen falta leporatu dio udal gobernu taldeari, argiak pizteko ekitaldia eta Ugarteko ikazkinaren bisita ordu erdiko tartearekin egingo baitira.

Berez, EAJk uste du Laudiok Amurrioko eredua jarraitu beharko lukela eta bihar bertan piztu argiak. "Atzerapen horrek murriztu egiten du Gabonetako denboraldiak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna, eta oraindik abiatu ez diren kultura- eta jai-ekitaldietan parte hartzea mugatuko du".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide