Jon Iturregi gazte laudioarra izan da Blas de Otero-Angela Figuera poesia lehiaketaren XVIII. edizioaren irabazlea, Oroimenaren hirietan aldaroka olerki liburuari esker. Berez, testua hurrengo urtean argitaratuko dute eta litekeena da Erein-ek egitea.
21 lagunek parte hartu dute lehiaketan eta Jon Kortazar epaimahaiburuaren iritziz, bere lanean "literatura erreferentzia jantziak underground kulturarekin modu originalean harilkatzen ditu" Iturregik, "kanpo mundua eta barne islak ironiaz eta joko mingotsez" batuta.
Ikusgarritasuna ez ezik, 5.500 euroko saria ere jaso du idazleak. Bilboko Udalak antolatzen ditu urtero Miguel Unamuno eta Blas de Otero-Angela Figuera sariketak, egile bilbotar horien oroimena bizirik mantentzeko.