Laudioko udal gobernu taldearen bi ordezkari, Ainize Gastaka alkatea eta Iñigo Martinez zinegotzia, egon ziren Envases enpresan abenduaren 5ean, arduradunekin hitz egiteko.
Nagusiki, bi gai jorratu zituzten: lehiakortasuna mantentzeko zailtasunak eta lurzoru industrial berrien gabezia.
Halaber, konpainiak aukera baliatu zuen erakusteko aurten egin dituzten inbertsioak eta zarata murrizteko hartzen ari diren neurriak, nahiz eta Envasesen soinu maila legeak ezarritakoaren azpian dagoen.
Enpresak Laudioko Udaletik jasotako lankidetzarako borondatea eskertu du, herrian 77 urtez sustraitutako enpresa baita eta herriari sustraituta jarraitu nahi baitu.
Alkateak eta zinegotziak enpresa zuzendaritzaren hurbiltasuna eta herriarekiko erakutsitako errotzea goraipatu dute, baita bisita ehuneko ehunean euskaraz egiteko izan duen gaitasuna ere.