ERREPORTAJEA

Ondo Etorri: Aterpea bilutsirik daudenentzat

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 18a

Wassilek sukaldari profesional gisa egin du lan, eta Ondo Etorriren topaguneetan ere aritu da afariak prestatzen. / Aiaraldea.eus

Udaberrian sortu zuten Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkartea. Helburu bikoitzarekin ekin dio jardunari herritar sareak: kale egoeran bizi diren pertsonak artatzea eta gizartean nagusitzen ari den narratiba arrazistari aurre egitea. Elkarteko kideek eskainitako berotasunean hartu dute aterpe hainbat gazte migratuk azken hilabeteetan, fabula argitsu bat garai ilunetan.

Laudio harrera herria da eta ez dago inor soberan. Ideia oinarrizko bezain erradikal hori praktikara eraman du Ondo Etorri harrera sareak azken hilabeteetan gauzatutako lan isil bezain eskuzabalean. Dozenaka bizilagun batzen ditu ekimenak, “jatorri eta profil anitzekoak”, euren eskura duten apurra kale egoeran bizi diren herritarren mesedera jarriz. Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean izan ziren Garazi Beldarrain eta Haizea Urkixo Ondo Etorriren jardunaren nondik norakoak aletzen. Elkarteko bi kide dira Beldarrain eta Urkixo, baina ez bakarrak; are gehiago, edozein herritar izan daiteke harrera sarearen parte.

“Helburu bikoitzarekin sortu dugu elkartea: kale egoeran bizi diren pertsonak artatzea eta gizartean geroz eta gehiago hazten ari den narratiba arrazistari aurre egitea”

Helburu bikoitza

2025eko udaberrian aurkeztu zuten jendaurrean Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkartea, gaiaz arduratuta aurretik egindako hainbat asanblada irekiren fruitu. Guztiaren oinarrian kezka konpartitu bat: Laudion kale egoeran bizi ziren pertsona kopuruaren gorakada nabaria. “Errealitate berri bat” elkarteko kideen hitzetan.

“2024ko udazkenean Euskal Autonomia Erkidegoan kale egoeran bizi ziren pertsonen zenbaketa egin zen, Laudion 15 lagun kontabilizatu ziren kale gorrian bizitzen”, azaldu du Garazi Beldarrainek Aiaraldea Komunikabideko mikrofonoetan. Orotara 30 udalerritan egin zen konputua, Aiaraldean Laudion bakarrik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.541 pertsona identifikatu zituzten egoera horretan.

Bi urte lehenago egindako zenbaketarekin alderatuta igoera nabarmena erakusten dute datuek: erkidegoan 658 pertsona identifikatu zituzten egoera horretan. Laudion igoera erabatekoa izan da, orduko hartan ez baitzuten kale egoeran bizi zen  pertsonarik kontabilizatu. Elkarteko kideen arabera, eta zenbaketa berri baten faltan, 2024tik gaurdaino bikoiztu egin da kale egoeran bizi diren 15 pertsonen kopurua. Egoera okerrera doa eta “egoera berri” horri erantzuteko premiarekin sortu da Ondo Etorri. 

“Helburu bikoitza” betetzeko jaio da Ondo Etorri harrera sarea Beldarrain eta Urkixoren hitzetan; “kale egoeran bizi diren pertsonak artatzea eta gizartean geroz eta gehiago hazten ari den narratiba arrazistari aurre egitea”.

Pertsona bat, mundu bat

Laudion kale egoeran bizi diren pertsonen errealitateaz galdetuta, “pertsona bakoitza mundu bat dela”, eta “norberak bere historia” dakarrela nabarmendu dute Ondo Etorriko kideek. Halaber, pertsona hauen errealitateak hamaika diren arren, badira komunak diren kontuak. Esaterako, Ondo Etorriren inguruan elkartu diren kale egoeran bizi diren pertsona gehienak gizon gazte magrebtarrak direla azaldu dute Beldarrainek eta Urkixok.

Hizkuntzarekin duten muga da pertsona hauen beste ezaugarri amankomun bat, eta horrek hesi bat gehiago dakar haien bidean. “Nabarmentzekoa da gehienak, edo behintzat aukera izan duten guztiak, EPAn daudela gaztelania ikasten”, azpimarratu du Garazi Beldarrainek.

Azkenik, soinean daramaten “karga emozional izugarria” da kale egoeran bizi diren pertsonek konpartitzen duten beste ezaugarri bat. “Oso bakarrik sentitzen dira, eta entzunak izateko beharra daukate”, azaldu du Urkixok.

Aterpea negu gorrian

Harrera sareko kideek eskura duten apurra jarri dute kale egoeran bizi diren pertsonen mesedera: “Arropa eta mantak eskaintzen dizkiegu, baita hauek garbitzeko aukera, otordu bero bat astean behin…”. Babesleku bat, funtsean. 

Horren adibide da Laudioko Herriko plazan abiatutako “topagune irekia”. Ekainaz geroztik ostegunero ekin zioten elizako arkupeetan biltzeari, “kale egoeran bizi diren pertsonei harrera egin eta bizilagunen arteko sareak ehuntzeko asmoz”. Topagune hori izan zuten Ondo Etorriko kideek kale egoeran bizi ziren herritarren beharrizanak gertutik ezagutu eta elkarlaguntza sarearen lehen urratsak josteko abagunea.

“Nabari dugu badutela entzunak izateko beharra, komunitate baten parte sentitzeko nahia. Sareak sortzea da gakoa, eta horretan ari gara”

Udazkenaren etorrerarekin batera Orbeko Etxean hartu dute aterpea, osteguneroko hitzorduari hutsik egin gabe. Espazio autogestionatuko sukalde komunitarioaren inguruan batzen dira. Otordu beroa eskaintzen dute, te edo kafe baten konpainian. Kale egoeran bizi diren behar emozionalei erantzuteaz ere arduratzen dira, espazio bero eta goxoan: “Nabari dugu badutela entzunak izateko beharra, komunitate baten parte sentitzeko nahia. Sareak sortzea da gakoa, eta horretan ari gara”, adierazi du Urkixok.

Jakin badakite, ordea, nekez asetu ahalko dituztela hain egoera zaurgarrian dauden pertsonen behar nagusiak; izan etxebizitza baterako aukera, lana eskuratzea edota osasun sistemarako sarbidea. “Guk ezin ditugu haien behar nagusiak asetu. Ez gara ez instituzio bat ez baliabide ekonomikoak dituen elkarte bat”, azaldu du Garazi Beldarrainek. 

Ordea, auzokide papera muturreraino eramateko gogoz daude Ondo Etorriko kideak; “gu bidean aurrera egiten laguntzeko gaude. Haien bizilagun nahi dugu izan”, aldarrikatu dute. Jardunaren mugez jakitun, eta instituzio publikoen “utzikeriaren aurrean”, haien esku dagoen guztia egiten ari dira, boluntario lantean. “Astean behin otordu bero bat izatea ez da duina, norberaren burua non garbitzeko tokirik ez izatea duina ez den modu berean. Gure jarduna akonpainamendua da, eta euren lagunak izatea”.

Erakundeen gabeziak

Herritarrak ez bezala, egoerari bizkarra emanda ikusten dituzte erakunde publikoak Ondo Etorri harrera sareko kideek. “Erakundeak negazio fasean daude — azaldu du Haizea Urkixok — Migrazioa gora egiten ari da eta ez du atzera egingo. Honi erantzuteko modu bakarra egoera onartzea eta medioak jartzea da”.

Elkarteko kideen iritziz, errolda soziala eskaintzea da udalek egoerari erantzuteko hartu dezaketen neurrietako bat, eta hori bilakatu da elkartearen aldarrikapen nagusietako bat; “urgentziazkotzat” jo dute. “Erroldarik gabe ez dago zerbitzu publikoetara jotzeko aukerarik. Erakundeak lehen urrats horretan korapilatuta geratzen badira, gainontzeko guztia ez da bideragarria”, azpimarratu du Urkixok. Gainera, azken urteotan erroldaren inguruan sortutako negozio eta mafiez ohartarazi dute ere.

“Erroldarik gabe ez dago zerbitzu publikoetara jotzeko aukerarik”

Etxebizitza duin baterako sarbidea da, Ondo Etorriko kideen aburuz, erakundeetatik hauspotu beharko litzatekeen beste neurrietako bat; “giza eskubidea da hori eta aldarrikatu beharra dago”. Bide horretan, larrialdi gune eta aterpeak irekitzearen beharra jarri dute mahai gainean, eskualdean ez baitago halako inolako azpiegiturarik.

Azkenik, erakunde publikoetatik diskurtso arrazistei erantzuteko dagoen ezintasuna jarri dute fokuan. Diskurtso arrazistak ez normalizatzeko eta horien aurrean posizio argi bat hartzeko eskatu diete instituzioei.

Diskurtso arrazistari aurre

Gizartean nagusitzen ari den narratiba arrazistari aurre egiteko beharretik ere sortu zen Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkartea. “Migrazioaren eta segurtasun arazoen arteko lotura interesatua egiten ari dira sektore politiko jakin batzuetatik”, ohartarazi du Garazi Beldarrainek. Arrazismoaren gorakadan “une kritikoa” dela argudiatu dute, eta komunikabide zein sare sozialen erantzukizunean egin dute azpimarra. Oldarraldi arrazista, Euskal Herriko mugaz gaindi, mendebalde osoko herrialdeetan areagotzen ari den fenomenoa da. “Errealitatea manipulatzeko estrategia hedatu” gisa definitu du Beldarrainek. Soziologian erabiltzen den Moral panic terminora jo du, gertatzen ari denaren azalpena bilatzeko. Ikara moral hori pertzepzio faltsu baten aurrean gizarte edo pertsona talde baten erreakzioari deritzo. “Ez dugu ikara sentitzen sektore bat arriskutsuagoa delako, baizik eta sektore hori seinalatzeko errazagoa delako”, gaineratu du Ondo Etorriko kideak. Gako horietan kokatu du migrazioarekin sortzen ari diren bulo eta iruzur mediatikoak.

Arazoen “benetako errora” jotzeko beharra aldarrikatu dute Ondo Etorriko bi kideek, okupazioaren gaiari helduta: “Benetako arazoa etxebizitza eskubidea ukatzea eta etxebizitza duin baterako sarbiderik ez izatea da”.

Ateak zabalik

Elkartasunarekin egin nahi diote aurre Ondo Etorriko kideek olatu arrazistari, eta ez dute abiatutako bidetik aldentzeko asmorik. Orbeko Etxeko ateak zabalik aurkituko ditu harrera sarrera batu nahi duen orok, ostegunero 19:00etatik aurrera. Gardeako espazio autogestionatuko kideen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute Beldarrainek eta Urkixok, harrera elkarte osoaren izenean, egitasmoa hain goxo hartzeko prestutasunagatik. 

Errainu bat piztu du Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkarteak eskualdean; fabula argitsu bat garai ilun batentzat eta aterbea bilutsirik daudenentzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide