Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak lana aurkeztuko dute ostegunean 17:30ean Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Ikerketak azalduko du nola eragin zuen Aiaraldeko Kuadrillako udal funtzionarioen garbiketa politikoak 1936 eta 1945 urteen artean.
Aldundiak azaldu duenez, errepresioak bi fase ezberdin izan dituen. Francisco Franco buru zuen estatu kolpea gertatu zenean, Aiaraldea izan zen Arabako lurralde bakarra Errepublikaren aldean geratu zena. Ondorioz, agintariek altxamendu militarrari atxikitako langileak kargutik kendu zituzten. Garbiketa horrek ez zuen eragin handia izan.
Ordea, indar frankistek 1937tik aurrera ezarritako garbiketa politikoa zabalagoa izan zen eta prozesua planifikatuta eta lege corpus zehatzekin egin zen, ezkerreko ideologien edo euskal abertzaletasunaren aldeko langileen aztarna oro ezabatzeko.
Aiaraldeko tokiko erakundeetako artxiboak aztertu dituzte, errepresaliatutako langileak identifikatzeko.
Ikerketa gauzatzeko Amurrioko, Artziniegako, Aiarako, Laudioko eta Okondoko udalerrietako eta lehengo Arrastariako eta Lezamako udalerrietako artxiboetan aktak eta espedienteak irakurri dituzte eta nominei erreparatu diete, jakiteko zein behargin alboratu zituzten.
Hitzordua ostegunean
Kasinoko aurkezpena jardunaldi zabalagoen barruan egongo da. Lehenik eta behin, Iñaki Gurtubai diputatuak hartuko du hitza, baita Jon Mirena Landak ere, EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen UNESCO Katedra dena.
17:45ean Javier Gomez Calvok udal langileen kontrako errepresioari buruzko begirada orokorra eskainiko du eta, azkenik, Jon Penche Gonzalezek Aiaraldeko txostena azalduko du. Solasaldirako tartea ere egongo da.