Aitor Burgoa Martinez zendu da. Aiaraldea Komunikabideko kideentzat egun samina da gaurkoa eta hutsune sentsazioa eta mina bere senide eta lagunekin partekatu nahi ditu hedabideak.
Aitorrek urte luzez egin zituen argazkiak guretzat, eta hemen lagin txiki bat ikus daiteke. Boluntario gisa berak aurkeztu zuen bere burua eta gustura hartu zituen egindako proposamen guztiak, Laudion zein eskualdean, hamaika ekitaldiren argazkiak eginda.
Komunikabidearekin tratu hurbila, gozoa eta desinteresatua izan zuen eta bere alde esan behar dugu noizbait errieta egin bazigun, gure errua izan zela.
Ondarrutarra
Aitor Burgoa Martinez Ondarrun jaio zen duela 64 urte. Frankismoaren azken urteak eta Trantsizioa borroka biziaren lehen lerroan bizi izan zituen, bere lagunek gogoratu duten moduan. Pertsona isila, konprometitua, langilea eta diskretua zela azpimarratu dute barrikadako bere kideek.
Profesionalki, itsasoan egin zuen lan, baita Cikautxo enpresan ere, harik eta arazo fisikoen ondorioz, desgaitasuna eman zioten arte.
Laudiora
Bizkaiko Kostalde basatitik Arabako lurraldera igaro zen maitasunak gidatuta. Koro Bilboko jaietan ezagutu eta gero etorri zen bizitzera Laudiora, non semea izan zuten, Beñat.
Bere osasunak hainbat muga ezarri bazizkion ere, Aitor mendiaren maitale sutsua zen eta Athleticzale borrokatua izanda (Iñigo Martinez bere senidea da) CD Laudioko jarraitzaile bilakatu zen semeari esker.
Argazkigintza ere bazen bere pasioetako bat eta trebakuntza sakona jaso zuen herrian zein Gasteizen. Jakintza tekniko hori guztia Aiaraldea Komunikabideari eskaini zion muxutruk.
Herriko politikan ere inplikatu zen eta aurreko legealdiko EH Bilduko zinegotzia izan zen. Ez zen batere zaila langile mugimenduaren mobilizazioetan hura topatzea, eta BM-ko langileek greba mugagabearen bitartez akordioa sinatu zutenean, han egon zen Aitor, txanpan botila bat eskaintzeko eta ospatzeko.
Jatorra, zintzoa, konprometitua
Ezagututako jende orok azpimarratu du lagun jatorra, zintzoa, sentibera, langilea, konprometitua, eskuzabala eta atsegina zela eta batzuek Aiaraldea Komunikabideari erantsi diotenez: "Norbait falta denean hori esaten da beti, baina kasu honetan egia da".
Aiaraldea Komunikabideak ezaugarri horiek guztiak berretsi nahi ditu, baita bere izaera mugitua eta aktiboa ere, ez baitzen lekuetatik eta bizitzatik igarotzearekin konformatzen, ekarpenak egiteko prestutasuna zuen. Izaera horri esker proiektu hau eraikitzen lagundu zuen urte luzez. Nekez eskertu ahalko zaio emandako denbora eta mimo guztia.
Aiaraldea Komunikabideak, halaber, aitortu behar du testu hau omenaldi xumeegia dela. Izan ere, azken hilabeteetan zenbait alditan saiatu da bera elkarrizketatzen boluntario moduan egindakoa islatzeko, baina osasun egoera dela medio, hedabidea ez da gai izan une aproposa topatzeko.
Mila esker guztiagatik Aitor, adiorik ez.
"Lilularik ez!
ez dago itzultzerik
eguna atean dago
haize hotza dakar
ez da izango beste goizerik
Tronpatzerik ez!
bizitza ez da huskeria,
edan ase arte beretik
ez da aski izango
galtzear zaudelarik.
Kontsolatzerik ez!
denbora ez da luzea,
ustelak lurpera
bizitza da haundiena
galtzea, litzake galtzea dena".