XARE Euskarazko Kultura Digitalari Buruzko Jardunaldiek 180 gazte batu zituzten Laudion

Erredakzioa 2025eko abenduaren 29a

Hirugarren aldiz antolatu dute ekimena Laudion, gazteei euskarazko unibertso digitalaren tresnak eskaintzeko.

Abenduaren 2an 180 gazte bildu zituen Kasinoan eta Lezeaga Aretoan XARE egitasmoak. Jardunaldi horietan hamaika lanabes jarri zituzten gazteen eskura: musika autoekoizteko hastapen-tresnak, argazki-teknika berriak, robotika, bideo-jokoak, errealitate birtuala, 3D inprimagailuak, app-ak nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna sarean kudeatzeko gailuak...

Horretarako, eskarmentu handiko aditu eta profesionalak etorri ziren eskualdera eta arlo anitzak jorratu zituzten. Izan ere, arrasto digitala eta sare sozialen kudeaketa arduratsua landu zituzten, besteak beste.

Honako proiektu hauek bertaratu ziren: Eragin komunikazioa, Talaios kooperatiba, Elurmaluta, Gisa software librearen aldeko elkartea, Emaize sexologia zentroa eta Mundu Berriak berrikuntza sexologikorako irabazi asmorik gabeko elkartea, Codesyntax, Protomakers club, Katubi  ikus-entzunezkoak, Game Erauntsia euskarazko bideojokozaleak eta DJ Makala, besteak beste.

Internetek sortzen dituen erronkei aurre hartzea

Hainbat erronkaren bitartez, sare sozialetan gertatzen diren egoera errealak aztertu zituzten gazteek: gorroto-diskurtsoak antzematen, ligatzerakoan 'red flag' eta 'green flag' seinaleak identifikatzen, sexting-ari buruz gogoeta egiten eta 'fake news' edo gezurren aurrean nola jokatu hausnartzen. 

Gelan izan zituzten material fisikoak ez ezik, telefonoetan instalatutako app bat erabiliz QR kodeak eskaneatu, arrastoak bilatu eta, lankidetzan, erabaki kolektiboak hartu zituzten.

Laudioko Udalak (Nagore Gomara zinegotziak parte hartu zuen), Aiaraldeko Kuadrillak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestutako saioak Zaraobe BHIko, Laudioko Lanbide Heziketako, Laudioko Institutuko eta Laudio Ikastolako 180 ikasle elkartu zituen.

Argazkiak: XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide