Abenduaren 23an lehenengo aldiz prestatu zuten truke azoka Laudio Institutuan. Berez, Agenda 2030 egitasmoaren barruan egin zuten, eta ikasle, irakasle zein gainontzeko langileek bildutako objektu ugari izan zituzten.
Izan ere, azken asteetan komunitate osoak eraman ditu arropa, zapatak, bitxiak, liburuak, jostailuak, osagarriak...
Berez, asmoa Institutuko Agenda 2030 proiektuan aritzen diren irakasle eta ikasle "ekoordezkarien" artean sortu zuten eta, zehazki, kontsumismoari aurre egiteko bigarren eskuko azoka egitea iradoki zuten.
Antolatzaileek oso modu positiboan baloratu dute ekimena: "Izandako ideiak bere fruituak eman ditu: bilketa bezain arrakastatsua izan baita azoka bera. Goiz osoan txandaka maila desberdineko ikasleak pasa dira bertatik lagun ezkutu, opari zein auto-opari moduan aproposa zena eskuratuz. Lagun, ama, aita, lehengusu, aiton zein amonek eskertuko dute ziur! Eta naturak are gehiago!".
Argazkiak: Laudio BHIko A2030eko taldea