Madrilgo alkateak bisitatu zuen Laudio atzo

Erredakzioa 2025eko abenduaren 28a

Kasinoan egon ziren Madrilgo alkatea eta bere emaztea.

Teresa Urquijo Moreno, bere emaztea, bere familiaren erroak ezagutzeko bertaratu zen atzo Laudiora eta Madrilgo alkateak ere parte hartu zuen bisitan.

Ezusteko bisita izan zuen atzo Laudioko Lamuza parkeak. Izan ere, aspaldi Urkijo Markesaren parkea bezala izendatzen zuten lekua herritarrek eta, gauzak hala, Teresa Urquijo Moreno bere leinuaren aztarnak ezagutzera agertu zen. Aipatu beharra dago Urquijo markesaren familia zuzena dela, baina betidanik Madrilen bizi izan dela eta harremanik ez duela izan eskualdearekin.

Berez, Urquijo Madrilgo egungo alkatearen emaztea da eta Jose Luis Martinez Almeidak berarekin egin zuen bisita herrian. Ainize Gastaka alkateak berak ireki zizkion Kasinoaren eta egungo liburutegiaren ateak. "Edozein erakundeko ordezkari batek eskatuko balu bezala egin dugu", azaldu du udalburu laudioarrak. Gastakak ez du xehetasun gehiagorik eskaini nahi izan bisitari buruz, soilik aspaldi Urquijo Markesaren jabetzak ziren eraikinak ikustera gonbidatu zituztela, eurek aurretik eskaera formala egin baitzuten. 

Herritar batzuek ezustean egin zuten topo Martinez Almeida eta Urquijo Morenorekin eta selfieak egiteko baliatu zuten aukera, nahiz eta komunikabidearekin partekatu nahi izan ez dituzten. Laudioar horiek aipatu dute oso atseginak izan zirela eta bizkarzainei argazkiak egiten uzteko eskatu zietela Madrilgo alkateak eta bere emazteak.

Tokikoekin izandako elkarrizketa labur horietan madrildarrek galdetu zieten zer zen ohikoa laudioarren artean eta Larrea jatetxean bazkaltzera joan ziren Madrilgo alkatea eta bere emaztea. Arratsaldean Aiaran jarraitu zuten bisitarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide