Xabier Azkargorta futbol entrenatzaile azpeitiarra azaroaren 14an hil zen Bolivian, kirol ibilbide luzea egin ondoren. Hego Amerikan "bigotón" gisa ezaguna izan zen prestatzailea eta CD Laudiok iraganeko datu bitxia berreskuratu zuen azaroan bertan, bere webgunean argitaratutako artikulu luzean. Testu horretan Jagoba Sedano Garayk aldarrikatu zuen bibote mitiko hori Laudion hazi zela eta inoiz ez zela desagertu geroztik.
Hain zuzen, Azkargortak SD Laudion jokatu zuen 1972/1973 denboraldia (aurreko denboraldian Villosak eten zuen bere babesletza eta horrela izendatu zuten kluba). Athletic Clubak laga zion tokiko taldeari, filialean aritu ostean.
Sedanok argitu duenez, Ibaiganeko klubean ez zituzten ondo ikusten biboteak zein bizarrak. Hortaz, Azkargorta SD Laudiora heldu bezain pronto, bibotea hazten utzi zuen.
Kirol esperientzia kaskarra
SD Laudiok sekulako taldea izan arren, 1972/1973 denboraldiak ez zuen oroitzapen positiboa utzi. Azkargortak ezin izan zuen bete Javier Eskalzak (Athletic Cluben jokatzera helduko zena) eta beste batzuek utzitako hutsunea eta, sei gol eginda, ezin izan zuen klubaren jaitsiera ekidin.
Sedanok argitu duenez, Ibaiganeko klubean ez zituzten ondo ikusten biboteak zein bizarrak. Hortaz, Azkargorta SD Laudiora heldu bezain pronto, bibotea hazten utzi zuen.
Aipatu beharra dago garai horretan hirugarren mailan aritzen zela SD Laudio, baina kategoria hori bigarren mailaren azpian zegoen zuzenean. Testuinguru horretan, aparteko jokalariak izanda (Jose Ramon Alexanco euren artean, gero FC Barcelonako kapitaina izan zena) eta joko polita eginda ere, emaitzak ez ziren onak izan.
Sedanoren ustez, errua, neurri handi batean, Altzarrateko zelaiko egoera txarrarena izan zen, ez baitzien uzten jokalari teknikoei euren onena ematen.
Zelaitik entrenatzera
Jokalari moduan Laudion aparteko ekarpenik utzi ez zuen arren, onena heltzear zegoen eta Xabier Azkargortak kirolean lorpenak izango zituen gero. Athleticetik herriko taldera joan zen gipuzkoarra eta han lesio larria pairatu eta gero, entrenatzera igaro zen.
Urte gutxitan RCD Espanyoleko misterra zen eta gero etorri ziren Real Valladolid, Sevilla FC eta CD Tenerife. Edonola ere, bere bibotearen ospearen gailurra Boliviako selekzioarekin agertu zen, 1994ko Munduko Txapelketarako sailkapena eskuratu baitzuen. Gero Txileko taldea edota Yokohama Marinos bezalako proiektuetan sartu zen, 2020ra arte luzatutako kirol ibilbidean.