Garraiolari bat hil zen atzo Laudion, lan istripu ez traumatikoan

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 30a

Lan istripuen kontrako mobilizazioa Laudion, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

J.D.B. zen behargina, 58 urte zituen eta garraiolari autonomoa zen. LAB sindikatuak salatu du atzo bi langile hil zirela beharrean eta 74 zendu direla urte osoan Euskal Herrian.

Atzo lan heriotza berria gertatu zen Laudion eta gertakari ez traumatikoa izan zen. J.D.B. izeneko 58 urteko garraiolaria Eroski Cityn (Lamuza kalean) ari zen banaketa egiten, txarto sentitzen hasi zenean. Baliabide medikuak agertu arren, ezin izan zuten salbatu.

Langilea autonomoa zen eta familia enpresan lan egiten zuen. Edonola ere, hori ez zen izan atzo gertatutako heriotza bakarra Euskal Herrian. Izan ere, Azagran 59 urteko gizarte langile bat ere zendu zen lanean ari zela. Zehazki, etxe batera joaten ari zen, eta, ondorioz, in misiotzat jo dute kasua.

LAB sindikatuak informatu du bi gertakariei buruz eta sindikatuak gogoratu du jadanik 74 behargin hil direla 2025ean. Senide, lankide eta lagunei babesa adierazi die erakundeak, baina salaketa mezua ere zabaldu du: "Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortutakoak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegien eta azpikontratazioaren emaitza dira. Horregatik diogu gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere. Prekaritatearekin amaitu behar da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide