Gurdi Gaztetxea jaio da, Laudioko gune autogestionatu berria

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 5a

Landaluze kaleko 50. zenbakian dago gaztetxe berria. / Aiaraldea.eus

Gurdigilea jatetxea zenaren eraikina okupatu du Suberri Gazte Asanbladak espazio autogestionatu berria sortzeko: Gurdi Gaztetxea. "Gazte antolakuntzan herrian izandako hutsuneei" aurre egiteko helburuarekin jaio da espazio berria. Gaur iluntzean egingo dute irekiera ekitaldia.

Suberri Gazte Asanbladak Landaluze auzoko Gurdigilea jatetxea zenaren eraikina berreskuratu berri du, Laudion espazio autogestionatu berri bat garatzeko asmoarekin. Gurdi Gaztetxea izenarekin jaio da espazio berria eta "azken urteetan Laudion gazte antolakuntzarako izandako hutsuneei aurre egiteko helburua" izango du, Suberriko kideen hitzetan.

"Urduritasun eta ilusio handiko" egunak datozela iragarri du Suberri Gazte Asanbladak, eta herriko gazteen parte hartzea ezinbestekoa dela azaldu dute. Espazioa berpiztea dute lehenengo urratsa, "herriak arnasgune euskaldun, transfeminista eta autogestionatua izan dezan".

Funts putre baten eskuetan, orain arte

Gurdigilea jatetxeak hamar urte baino gehiago darama hutsik, eta Blackstone inbertsio-funts estatu batuarraren esku dago. Funts hori munduan da ezaguna higiezinen merkatuan izandako jarrera oldarkorragatik, eta eragile ugarik "funts-putre" izendatu dute horregatik.

Gurdigilea jatetxeak hamar urte baino gehiago darama hutsik, eta Blackstone inbertsio funts erraldoiaren esku dago.

"Urrats honen bitartez funts putre baten eskuetan zegoen eraikin abandonatu bat herriarentzako berreskuratu da", azpimarratu dute Suberriko kideek okupazioaren berri emateko zabaldutako bideoan. Izan ere, espazio autogestionatu berri bat sortzeaz gain, "Laudion nagusitzen ari den espekulazio merkatua" salatzeko ere baliatu dute ekintza, "Laudio salgai ez dagoela" aldarrikatuz.

Irekiera ekitaldia

Gaur bertan (urtarrilak 5) zabalduko ditu ateak Gurdi Gaztetxe berriak. Irekiera ekitaldia 19:00etan egingo dute. Aurreratu dutenez, iluntze berezia izango da honakoa, "askoren lehena". Irekiera ekitaldiaren aurretik, Zubiko Kurajo kaleko tabernen espazioa (Zubiko Malekoian) jarri dute batzeko hitzordua, 18:30ean.

Baina gaurko irekiera ekitaldia ez da Gurdi Gaztetxearen egutegian gorriz markatutako egun bakarra. Dagoeneko iragarri dute espazio autogestionatuko hormen artean egingo duten beste ekintza bat. Hain zuzen ere, bertso afaria antolatu dute datorren urtarrilaren 9rako, 20:30ean. Izar Mendiguren eta Asier Alcedo bertsolariak arituko dira afaria girotzen. Tiketak Ilargi, Keska, El Lio eta gaztetxean bertan jarriko dituzte salgai.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by suberri gazte asanblada (@suberri.gazte)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide