"Ez naiz erdi euskalduna eta erdi kongoarra, euskalduna eta kongoarra naiz"

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 13a

Thaylor Lubanzadio bere liburua begiratzen. / T.L.

THAYLOR LUBANZADIO (Laudio, 1994) Maltan futbol jokalari profesionala da, baina berriki Identidad en juego liburua idatzi du. Arrazismoa eta identitatea landu ditu, besteak beste, eta bere helburu nagusia da kultura ezberdinen artean hezten ari direnak laguntzea.

Berriki Identidad en juego liburua argitaratu duzu, nola sortu zen ideia eta zer landu duzu?

Duela urtebete Lucia Mbomiok, gerora hitzaurrea egin didanak, bultzatu ninduen idaztera. Konbentzitu ninduen. Esan zidan istorioa dudala kontatzeko, alegia, zerbait berezia, euskaldun eta Afrikako ondorengoa bainaiz.

Bi kultura eta bi munduren artean hezi naizenez, banuen zer kontatu. Bere iritziz, lagungarria izan daiteke besteentzat eta horrekin konbentzitu ninduen. Duela hamaika hilabete ekin nion idazteari eta berriki argitaratu dut.

Bi kulturen arteko hazkunde horretan zer lantzen duzu? Bi identitate elkarbizi dezaketela?

Bi munduren artean hazi naiz, jakin gabe bi munduren artean nengoela. Harrotasuna sentitzen dut euskalduna eta Kongokoa naizelako. Leku eta kultura bien parte sentitzen naiz. Ez naiz erdi-euskaldun eta erdi-kongoarra, euskalduna eta kongoarra naiz. 

"Bi munduen artean hazi naiz, jakin gabe bi munduren artean nengoela"

Azaltzen dut nola sentitu ahal diren gazteak jakin gabe benetan nongoak diren, zein den bere ama hizkuntza, nondik datozen... Nik liburuan azaltzen dut sentimendu horiek arruntak direla, baina aipatzen dut Euskal Herrian jaiota eta kanpoko kultura bateko gurasoak izanda, bi kulturak barneratu behar ditugula. Biak maitatu behar ditugu biziki eta horrela sentitzen naiz ni, euskalduna eta afrikarra. Nik musika euskalduna eta afrikarra entzuten dut, nire kuadrilla osoa da euskalduna, nire bikotea...

Istorio guztiek daukate gatazkaren bat, zuk non kokatu duzu?

Joko zelaian izan nituen bi pasarte horietan, zeinetan irain arrazistak jaso nituen. Hor jarri dut abiapuntua. Horrek eraman ninduen arrazakeriaren kontra aritzen diren lagunak, kazetariak... ezagutzera. Eurek laguntzen gaituzte guztiok hobetzen.

Hor jartzen dut mugarri bat eta politika aipatzen dut, etorkizuneko belaunaldiei eragiten baitigu zenbait pertsonen gorakadak.

Egoera paradoxikoan gaude kirolari dagokionez. Alde batetik, futbol kirol erakundeek urratsak egin dituzte arrazismoaren kontra, baina mundua kontrako norabidean doa.

Bai, liburuan azpimarratzen dut. La Ligak bilakaera izan du kasu hauetan. Badaude erregistroak, salatzen dira bazterketari lotutako irainak futbol zelaian eta egileen kontra jotzen dute; baina arreta jartzen dut futbol zelaitik kanpo gertatzen den horretan.

"Futbolean urratsak egin dira arrazismoaren kontra, baina arreta jartzen dut zeilaitik kanpo gertatzen den horretan"

Oraindik ere badago etxebizitza alokatu ezin duen jendea kanpokoa delako, badago lana eskuratzeko zailtasunak dituena, arrazismoa eta bazterketa pairatzen duena eskolan eta ikasgelan...

Futbolaren aurrerapausoak aipatzen ditut, mende hasierarekin alderatzen badugu, baina, bestetik, jendeak sufritzen du gizartean.

Maltan jokatzen duzu profesionalki, baina noizero Aiaraldea bisitatzen duzu. Oldarraldi arrazista nabaritzen duzu?

Joaten naizenean benetan etxean sentitzen naiz eta ez dut sumatzen bazterkeria nire aurka edo nire anai-arreben kontra. Amarekin nagoenean eta paseoan nagoenean ez dut sentitzen.

Egia da jendeak ezagutzen nauela, baita nire ama ere, baina esango nuke, printzipioz, Aiaraldean herritarrak kontziente direla arazoari buruz.

Jakina, egongo dira bestelako kasuak, baina Gabonetan egon nintzen eta aniztasuna nabaritzen da azken 10 urteetan. Pozten naiz horrela izateaz eta guztiok bakean elkarbizitzen jakiteak.

Zer egingo duzu liburuarekin? Bilbon aurkeztu zenuen.

Aurkezpen gehiago dauzkat Bartzelonan, Madrilen, Sevillan, Bilbon... Baina antolatu behar naiz, lanean bainago Maltan. Denboraldia bukatzen dudanean hasiko naiz aurkezten hiri horietan eta nire ideia da argitaratutako liburu guztiak salduz gero —ez dut gogoratzen kopuru zehatza, baina asko dira—, beste argitalpen bat egin behar dugula euskaraz.

Uste dut Euskal Herrian Afrikako ondorengo ugari egongo direla etorkizunean eta identifikatuko dira nire kasuarekin, eta bakarrik euskaraz mintzatuko direnak.

"Liburuaren bigarren argitalpena euskaraz egin nahi dut. Etorkizunean Afrikako ondorengoak egongo dira Euskal Herrian gazteleraz jakingo ez dutenak eta eurentzat ere idatzi dut"

Erabakia hartu dut bilera izan nuelako abenduaren 23an Azkoitian eta hara joan nintzen futbolean jokatzen duen mutil bat ezagutzeko. Ez daki gazteleraz. Bere ama nigeriarra da eta bere aita azkoitiarra. Ni bezala, mestizoa da eta ez daki gazteleraz egiten.

Konturatu nintzen berarentzat ere egin behar dudala liburua. Alex bezalako gazteek ere irakurri behar dute eta argitaletxeari esan nion bigarren argitalpena euskaraz izan behar dela.

Zer nolako harrera izan du liburuak orain arte?

Ona, orain arte oso ona. Aste honetan egongo da salgai liburudendetan eta Internet bidez, eta jendea galdezka ari da jadanik. Jakin-mina sortu du eta harrera ona izan du.

Zer emango dizu liburuak? Orain arte hitzaldiak eman dituzu, liburuak bultzatuko du hori?

Niretzat garrantzitsuena ez da liburuak saltzea. Ez naiz idazlea. Garrantzitsuena da irakurleengana heltzea eta horregatik argitaratu dut. Ez dut best-seller idazlea bilakatu nahi, inondik inora.

Helburua da kontzientzia sortzea. Hori da niri ondo sentiarazten nauena. Norbaitek esatea: “Thay, pentsatzeko modua edo ikuspegia aldatu didazu”. Hori da asetzen nauena, eta xedea.

Gizaki ona izatea ez da gauza txarrik ez egitea, baizik eta ekarpen onak egitea. Liburu honekin zerbait ona egiten ari naiz eta apur bat hobea sentitzen naiz horregatik.

Maltan jokatzen duzu profesionalki eta han idatzi duzu, kanpoan egoteak lagundu dizu?

Bai, Maltan denbora libre ugari daukat eta jokatzeaz gain, bestelako ekintzak izatea gogoko dut. Luciak idaztera bultzatu ninduenean oso erraza izan zen. Arratsalde mordoa ditut libre eta pentsatu nuen norekin hitz egin.

"Maltan egonda Luciarekin, Alberto Edjogorekin, Moha Gerehourekin... Jende anitzarekin mintzatzeko aukera izan dut zenbait kontu argitzeko"

Agian Laudion edo Bilbon egonda, kontzienteagoa izan beharko nintzatekeEN egiteko. Denbora libre horrekin hitz egin dut Luciarekin, Alberto Edjogorekin, Moha Gerehourekin... Jende anitzarekin mintzatzeko aukera izan dut zenbait kontu argitzeko eta hori izan da denbora librea izan dudalako eta Maltan egoteak deskonexiorako tartea ematen didalako.

Ez dizu beldurrik ematen erreferente bilakatzeak gaur egungo oldarraldi arrazistaren erdian?

Oso galdera ona. Egia esanda, hori da gehien motibatzen nauena. Hor egoteak motibatzen nau eta erreferente izatea jende askorentzat. Horregatik egin dut liburua. Uste dut lagundu ahal dudala. Lagundu dezaket eta berdin dit balek nire aurka jotzea. Prest nago ni kaltetzeko besteak laguntzeko bada. Nire baitan dago eta horrela sentitzen dut, lagundu ahal dudan jendearen alde. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide