Iker Castellote txakur trebatzaileak Espainiako ODU Kopako oinarrizko mailan parte hartu zuen iaz eta bigarren postua eskuratu zuen, %100 Orekan taldearekin. Laudioarrak argitu du oso pozik dagoela, baina aitortu du une batzuetan irabazle ikusi zuela bere burua. "Azkenaurrekoak atera ginen eta gure txanda amaitzean lehenengo postuan bukatu genuen", adierazi du.
Quer udalerrian aritzeko lehen kanporaketa fasea gainditu behar izan zuen laudioarrak. Gero, Espainiako Kopako puntuazioak eta kanporaketa fasekoak batu zituzten eta horien batuketaren ondorioz, Espainiako Lehiaketako hirugarren postuan amaitu zuen.
ODU
Castellotek berak azaldu duenez, ODU kirol diziplinak "txakurraren eta gidariaren arteko obedientzia praktikoa eta elkar-ulertzea ebaluatzen ditu". Puntuazioak ezartzeko, penalizazio-sistema baliatzen dute eta amaieran puntu gehien mantentzen dituen binomioa (txakurra eta gidaria) da irabazlea bere kategorian (hiru daude)..
Kontrolariak, pertsonak eta objektuak bilatu, jaso eta ekartzeari, eta janaria eta bestelako gauza erakargarriak errefusatzeari lotutako ariketak egiten dituzte probetan.
Iker Castelloteren aburuz, "ODUa txakurra hezteko modu dibertigarri eta erronka handikoa da, txakurraren eta jabearen arteko lotura sendotzen duena eta eguneroko bizitzarako baliagarriak diren trebetasunak garatzen dituena".