Maila handiko areto hockeyak hartuko du asteburuan Laudioko Granja kiroldegia. Izan ere, hamar partida jokatuko dituzte Espainiako Txapelketako sektore faseko kanporaketan, larunbat eguerditik arratsaldera arte eta igande goizetik eguerdira bitartean.
Laudioko Ganbegi Hockey Taldea Linia 22 Terrassako klubarekin, Xixongo Codemarekin, CSA Ourenserekin eta Malagako Benalmadenarekin lehiatuko da. Tokiko jokalarien helburua finalean sartzea izango da baina, Aiaraldea Komunikabideari aitortu diotenez, badakite "zaila" izango dela, "puntako taldeak baitira etorriko direnak".
Berez, talde bakarra sailkatuko da finalerako eta, hortaz, lehia handia izango da. Azken fasean klub antolatzaileak, iazko hiru onenek eta sektore bakoitzeko (lau dira guztira) lehen sailkatuek baino ez dute parte hartuko.
Berez, jokoan egongo diren norgehiagokak honako hauek izango dira:
Urtarrilak 24, larunbata:
- 14:00etan // Linia 22 HC - CSA Ourense
- 15:15ean // Ganbegi HT - Benalmadena
- 16:30ean // Codema HC - Linia 22 HC
- 17:45ean // CSA Ourense - Benalmadena
- 19:00etan // Ganbegi HT - Codema HC
Urtarrilak 25, igandea:
- 09:30ean // Benalmadena - Linia 22 HC
- 10:45ean // Codema HC - CSA Ourense
- 12:00etan // Linia 22 HC - Ganbegi HT
- 13:15ean // Benalmadena - Codema HC
- 14:30ean // CSA Ourense - Ganbegi HT
Haurrentzako jarduerak
Bestalde, larunbatean euskarazko umeentzako jolas gunea antolatuko dute 2010. eta 2019. urteen artean jaiotakoentzat, 17:00etatik 18:30ak bitartean. Doako ekintza izango da.