Maderas de Llodio greba mugagabean

Garnicako zuzendaritzak “alde bakarrez” itxi du negoziazioa, langileek salatu dutenez

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 21a

Elkarretaratzea egin zuten langileek Herriko plazan, Udaletxean bilera egiten zen bitartean. / Aiaraldea.eus

Iragan ostegunean egin zuten azken bilera, eta langileek salatu dute zuzendaritzak “proposamen bakarra” jarri duela mahai gainean: “enpleguaren suntsiketa handitzea eta negoziazioarekin jarraitzeari uko egitea”. 

Garnicako zuzendaritzak alde bakarrez itxi du Maderas de Llodioko lan gaztaka konpontzeko negoziazioa, langileen ordezkariek salatu dutenez. Iragan ostegunean egin zuten azken bilera zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordeko kideen artean baina, azken hauek salatu dutenez, multinazionaleko buruek “proposamen bakarra” jarri zuten mahai gainean bertan: “enpleguaren suntsiketa handitzea eta negoziazioarekin jarraitzeari uko egitea”. 

Jarrera hori “onartezina” dela uste dute beharginen ordezkariek, “dagoeneko larria eta konplexua den lan-gatazka are gehiago okertzen” duelako. Horri lotuta, sindikatuek salatu dute enpresak ez duela onartu ezta abenduan landutako planteamendua: “Proposamen hori adostua izan zen eta langileek gehiengo zabal batez berretsi zuten, eta gatazkari benetako irtenbidea ematen zion. Jarrera hau negoziatzeko borondate faltaren erakusgarri argia da, eta edukirik gabe uzten du benetako eta fede oneko negoziazioari egiten zaion edozein erreferentzia”.

"Epaiketak ez du egoera konponduko"

Blokeo egoera horren aurrean, komiteak berretsi du gatazka konpontzeko bide bakarra “negoziazioa eta akordio batera iristea” dela. Izan ere, ziurtatu dute Enplegua Erregulatzeko Espedientearen epaiketak (otsailaren hasieran izango denak) ez duela egoera konponduko, “eta negoziazioa alde bakarrez ixteak gatazka are gehiago larriagotzea besterik ez du ekarriko, enpresaren egungo testuinguruan nekez uler daitekeen zerbait”. 

Gauzak hala, “ziurgabetasun guztia langileen gain uztea” leporatu diote Garnicako zuzendaritzari, eta bere erantzunkizunei ihes egitea. Ondorioz, “negoziazioari seriotasunez eta erantzukizunez berriro ekiteko eta negoziatzen ari ziren baldintzetan proposamen bat aurkezteko” deia luzatu diote multinazional errioxarrari, “pilota euren teilatuan” dagoela nabarmenduta.

124 egun greban

124 egun bete dituzte Maderas de Llodioko langileek gaur greba mugagabean, Garnica multinazionalak Laudioko egur fabrikan burutu dituen 39 kaleratzeen aurka. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide