Laudioko Hardcore Hits Cancer ekimeneko kideek ekarpen ekonomiko berria egin diote AFANOC elkarteari, 2025ean saldutako materialari esker. Izan ere, irailean kontzertuak egiteaz gain, urte osoan Peluka´s ileapaindegia salmenta puntu gisa ere baliatzen dute kamisetak, izerditakoak edota txanoak saltzeko.
Horri esker 2.930 euro gehiago bildu dituzte 2025ean eta berehala AFANOC elkartera bideratuko dituzte. Talde horrek Katalunian egiten du lan, tratamendu onkologikoa jarraitu behar duten umeen familiei laguntzen. Hain zuzen, adingabeek Bartzelonan jasotzen dituztenez tratamendu horiek, taldeak baliabide urriko senideei ordaintzen die garraioa edota egonaldia.
Juan Jose Arto Rodriguez 'Pelukas' eta Israel Fernandez dira Laudio HC Crew taldeko kideak eta biek goraipatu dute materialaren diseinatzailearen trebezia: "Hardcore taldeen iruditegia edo marka handien diseinuak birziklatzen ditu minbiziaren kontrako mezuarekin eta jende askok bat egin nahi duenez elkartasun helburuarekin, kalitatezko produktuak saldu ahal ditugu".
Azken ekarpen ekonomiko horri gehitu behar zaio irailean 6.000 euro inguru eskuratu zituztela, kontzertuaren bitartez eta gero jasotako beste ekarpen batzuei esker.