Lamuza Eskolak hitzaldia eskainiko du bihar 17:00etan, Maider Saez adituaren eskutik. Saez fisioterapeuta eta osteopata da eta umeen loaren neurozientzia ikasi du.
Laudioarra zentratuko da, bereziki, 0-3 hilabeteko, 4-7 hilabeteko, 8-12 hilabeteko eta 12 hilabete eta bi urte bitarteko loaren bilakaeran, baita adin horretatik aurrera ere.
Saezek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari asmoa dela gurasoei azaltzea zer den normala eta zein parametrotik kanpo esku hartu behar den. Halaber, zenbait egoerari aurre egiteko tresnak azalduko dizkie, bideratu ditzaten.
Dena den, argitu du solasaldi orokorra izango dela eta aintzat hartu behar dela familia bakoitzak bere ohiturak dituela. "Nire lanean familiekin lan egiten dut bakarka, baina hau ekimen irekia izango da", gaineratu du.
Equilibra Fisioterapiako kideak hirugarren aldiz eskainiko du berbaldia, bere seme batek Lamuza Eskolan ikasten baitu eta bigarrena ere matrikulatu du. Guraso Elkartearen gonbidapena jaso du hiru alditan.
Ate irekiak
Ekintza hori ez da ikastetxeak egingo duen deialdi bakarra. Hain zuzen, ate irekien bi jardunaldi prestatu dituzte matrikulazoari begira. Lehenengoa urtarrilaren 28an izango da 15:30ean eta bigarrena 31n 11:00etan.