Kordobako El Pinillo zirkuituan igaro du asteburua Uxue Abasolo atleta laudioarrak, bertan lehiatu baita Espainiako Kroseko Txapelketa Inklusiboa. Nekatuta baina pozik itzuli da Andaluziatik, bertan hiru domina eskuratu ostean.
Bi denboraldi daramatza Abasolok Javi Conderen talde paralinpikoan eta kategoria egokituetan nabarmentzea lortu du dagoeneko.
Hain zuzen ere, hirugarren postua lortu du Abasolok FEDDI probako banakako sailkapenean eta Euskal Federazioa lehena izan da taldekakoan. Lasterketa inklusiboan urrea lortu du baita ere, selekzio bereko desgaitasuna duten eta desgaitasunik ez duten bina atletaren denborak onenak izan ostean.
Atletismo egokituan babesleku
Alde biko gorreria sakonarekin jaio zen Uxue Abasolo eta inplante koklearrei esker entzuten du txikitatik. Atletismoan ibilbidea Laudioko Atletismo Klubean hasi zuen eta bertan bi urtez aritu ostean, Edu Frutos entrenatzaileak Javi Conderen talde paralinpikora jauzi egiteko proposamena egin zion.
Bi denboraldi eta erdi daramatza dagoeneko Conderen taldean eta kategoria egokituetan nabarmentzea lortu du dagoeneko Abasolok. Lan gogorraren emaitza da hori. Izan ere, lehiatzeko entrenatzen dutela aitortu du laudioarraren familiak, astean lau saio egiten baitituzte.
Aurrera begira, garaipenak eta marka onak eskuratzen baditu pozik egongo da Uxue Abasolo, baina kirolak ematen dionaz gozatzea du helburu nagusitzat.
