AINIZE GASTAKA MARTINEZ

“Laudioko bizi kalitatea nabarmen hobetuko da Lamuzako Kulturguneari eta Antzokiari esker”

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 27a

Ainize Gastaka Martinez alkatea Batzalarrin kalean. / Aiaraldea.eus

2026a Laudiorentzat urte oparoa izango dela aurreikusi du AINIZE GASTAKA MARTINEZ alkateak, herriak “bizi kalitatean jauzia” egingo duela iritzita. 

Guardianen itxierarekin hasi eta Maderas de Llodioko egoerarekin bukatu da 2025 urtea.

Urte oso gogorra izan da, are gehiago, legealdi gogorra ari da izaten. Bi ikuspegitatik erreparatu behar diogu gogortasunari. Alde batetik, pertsona bera dago; kaleratua dena, kaleratze arriskuan dagoena, piketean dagoena… Pertsona horrek sufritzen duena herriaren mina da aldi berean. Bestetik, ikuspegi orokorrago, daukagu, Aiaraldeko industria sarearen egoera kezkagarria da, eta etorkizunari begira jarri behar dugu begirada. Neurriak behar ditugu, eta horiek industrian eragina duten entitateetatik etorri behar dira. Udalak ez du eskumen askorik, baina badu interesa. Gure interesa genuinoa da; izen-abizenak jartzen dizkiogu gertatzen ari den horri. Udalak kaltetutako langileen bidelagun izateko obligazioa dauka, zaintzaren ikuspegitik. Jendearengan eragin larria duten neurriak ari dira hartzen, eta nahi dugu kaltetutakoek Udala gertu sentitzea. Guardian eta Maderas de Llodio aipatu dituzu. Egoera desberdinak dira, eta jarrera desberdina eskatzen dute.

Baina Udalak ate guztiak jo ditu. Maderas de Llodioren kasuan enpresak ez du gurekin elkartu nahi izan. Deslokalizazioak eta lanpostuen suntsiketak gure etorkizuna baldintzatzen dutela adierazi diegu alde guztiei. Guardianen kasuan ere ate ugari jo ditugu, eta horretan jarraitzen dugu. Gertutik ari gara jarraitzen gertatzen den guztia.

"Maderas de Llodioren kasuan enpresak ez du gurekin elkartu nahi izan. Deslokalizazioak eta lanpostuen suntsiketak gure etorkizuna baldintzatzen dutela adierazi diegu alde guztiei"

HAPOaren aurrerakina aurkeztu duzue aurten. Nolakoa izan da orain arte egindako prozesua?

Beti iruditzen zait berebizikoa aipatzea HAPOa zeinen garrantzitsua den. Badirudi herritarrengandik oso urrun dagoen testua dela. Nik neuk ere, herritar gisa, urrutiko kontu gisa ulertzen nuen. Behin hemen egonda ulertu dut zeinen estrategikoa den. Laudioko orainaldia eta etorkizuna antolatzeko behar-beharrezkoa da. Pertsona orori eragiten digu. 

Garrantzi hori ulertuta, ahalegindu gara HAPOaren diseinu faseak ahalik eta irekienak izaten.  Lehenengo faserako herrian egin den ikerketa zientifikorik handiena egin genuen laudioarrei horren inguruan galdetzeko. Herriak bere burua nola ikusten duen ahalik eta modu zientifikoenean jasotzeko. Hori guztia jaso eta erredakzio taldeak borradore bat aurkeztu zigun.

Zirriborro hori da apiriletik kalean egon dena. Plazaratutako mapa hobeto ulertzeko asanbaldak antolatu ditugu, auzoz auzo, mapa diseinatu duten arkitektoekin. Orain, apiriletik ekainera egindako ekarpen guztiei erantzuna emango zaie, izan baiezko edo izan ezezko. Hurrengo mugarria udalbatzan dokumentuaren irizpideak eta helburuak onartzea izango da. Mugarri garrantzitsua da azken hori, akordioa beharrezkoa da.

Kultur Etxearen berroneratze prozesua azken fasean sartu da, Aldundiarekin sinatu beharreko hitzarmenaren esperoan. 

Horrelako kontuek beti behar dute denbora, are gehiago bi erakunderen arteko elkarlana beharrezkoa denean. Hitzarmena ere azken fasean dago. Eraikina Aldundiarena da, birgaitzea Aldundiak egin du, eta, hitzarmenaren bitartez, erabilera Udalarena izango da, horregatik da gakoa. Hornitzea Udalaren esku egongo da. Ahalik eta lasterren sartu nahiko genuke kontu guztiak martxan jartzera. Ez da erraza izaten, baina kontu ilusionagarria da.

Laudioko bizitza kulturala “berpizteko” prozesua ere martxan da. Zein da horren helburua? 

Oraina arte obra izan dugu hizpide. Baina begirada altxatuz konturatzen gara egondako ibilbidea askoz luzeagoa izan dela. Herri ekimenez bultzatutako Kasinoaren birgaitzearekin abiatu zen prozesua. 

Ordutik faseka joan da Aldundia espazioak birgaitzen. Bada garaia prozesu guzti honetan lan boluntarioan aritu diren bizilagunei aitortza egiteko. Oso ibilbide luzea izan da, gogorra askotan. Kultur kontseilutik sortutako talde motorea oso proposamen handia eta interesgarria ari da garatzen. Jauzia izango da, kultura eta kultur sorkuntza beste modu batean bizitzeko aukera eskainiko digu. Laudioarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko da. Antzokiko eskaintza gehituta, zoragarria izango da.

"Kultur kontseilutik sortutako talde motorea oso proposamen handia eta interesgarria ari da garatzen. Jauzia izango da, kultura eta kultur sorkuntza beste modu batean bizitzeko aukera eskainiko digu"

Zein egoeran bukatu dute 2025a Antzokiko lanek?

Obra konplikatua da, oso teknikoa. Arkitektonikoki ere oso elementu interesgarria eskainiko dio herriari. Burubelarri ari gara Antzokiarekin, egunerokoan sortzen diren gorabeherei aurre egiten. Lanen azken txanpan gaude sartuta. Eraikuntzaren inguruko urbanizazioa eta hornidura dira hurrengo urratsak. 

Segurtasunaren eztabaidak kezka sortu du, zer mezu eman nahiko zenuke?

Azpimarratu beharra dago Laudio herri segurua dela, orain arte izan den moduan. Hori diote zenbakiek; delinkuentzia tasaren bataz bestekoaren azpitik gaude kokatuta. Argazki horretan ari da lapurreta bolada bat gertatzen. Herriaren izaera ez da aldatu, baina egoera konkretu horri egin behar diogu aurre. Instituzioetatik lanean ari gara eta beharrezko neurriak hartzen ari gara. Ulertzen dugu egoerak segurtasunaren pertzepzioan eragina duela. Guztioi dagokigu arduraz jokatzea.

Oposizioa kritiko ikusi dugu maiz, baina egon dira ere ezberdinen arteko elkarguneak.

Oso argi dugu gutxiengoan gauden udal-gobernua garela; akordioak behar ditugu. Baina, gainera, sinistuta nago akordioak beharrezkoak direla. Herriarentzako oso positiboa da gutxieneko batzuk adostu ahal izatea, horrek koherentzia eta batasuna ematen digu herri gisa. Mugarririk handienetan bai, lortu ditugu akordioak.

2026an hauteskundeetatik gertuago egongo gara. Guk lanean jarraituko dugu. Ulertzen dugu gure ardura dela horretan jarraitzea. Espero dugu, legealdi amaieran egonagatik ere, orain arteko jarrera mantendu eta akordio berriak erdiestea.

Zeintzuk dira 2026rako erronkak?

Urte oparoa izango da. Antzokiaren eta Lamuzako Kulturgunearen lehen pausoak ikusiko ditugu modu batean ala bestean. Nik kultura eztanda bezala irudikatzen dut. Abasto Plazaren irekiera izango dugu ere, eta ahaleginduko gara berriro ere bertako espazioa herritarrentzako berezia izan dadin. Nagusien Jantokiaren obrekin hasiko gara ere. Landaluzen zentro-sozial bat pentsatu eta diseinatzeko prozesua abiatuko dugu. Gureak ez diren baina herrian eragina izango duten proiektu berrietarako ere prestatu beharko gara; hala nola, osasun zentro berria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide