Jendez bete zen Orbeko Etxea larunbatean. Palestinaren aldeko jardunaldiak egin zituzten Laudioko Gardea auzoko gune autogestionatuan eta ehundik gora lagun bertaratu ziren egun osoko egitarauan parte hartzera.
Solasaldi batekin abiatu zuten ekimena. Palestinako genealogia transfeminista errepasatu zuten bertan, Israelen aurka mendebaldeko herrialdetatik nola borrokatu ere izan zuten hizpide.
Bazkari solidarioa egin zuten ondoren, eta kafe irlandar dastatzearekin girotu zuten arratsaldeko lehen txanpa, Irata bikote akustikoaren musikaz lagunduta. Ondoren, kontzertu maratoiari eman zioten paso. Miren Narbaiza, Perlata, Electrikass, Aihotz, Old Time Spooks eta Berba Labanakaz taldeak igo ziren baserri okupatuko oholtzara, ekimena gauera arte luzatuz. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Palestinara bideratuko dute egunean lortutako diru guztia.